Ane URKIRI

Alavesek patxadaz hartu du azken neurketa eta Bartzelonak erraz menderatu du (0-5)

Alavesek 0-5 galdu du Bartzelonaren aurka denboraldiko azken neurketa. Ez batak ez besteak ez zeukan ezer jokoan eta asko nabaritu da jokoaren dinamikan. Azkenean, kalitate handieneko taldea nagusitu da Ansu Fati, Messi (2), Luis Suarez eta Semedoren golei esker. [Neurketaren xehetasunak]

Magallan, Messi zaintzen. (Ander GILLENEA/AFP)
Magallan, Messi zaintzen. (Ander GILLENEA/AFP)

Betis 1-2 garaitu ostean Manu Garciaren negar malkoak hobeto ulertzen dira azken neurketa jokatu eta gero. Eskerrak Alavesek Benito Villamarin estadioan salbatzeko beharrezkoa zuen garaipena eskuratu zuela, kalitatez horniturik dagoen Bartzelonaren aurka etorkizuna jokoan edukiko balu, bat baino gehiago bihotzekoa ematetik gertu egongo litzatekeelako.

Patxadaz hartu du norgehiagoka talde gasteiztarrak, logika osoz. Behin helburua lortuta, behin tentsioa askatatuta, lasaitasunak bere tartea ere behar duelako. Eta askotan lasaitasun horrek arrakastarako argia bistaratzen dizu, presio gutxiagorekin jokatzen duzulako; baina, era berean, defentsako patxadak arerioaren lana ere erraztu dezake.

Hasiera batean Bartzelona ere halaxe azaldu da Mendizorrotza futbol zelaira baina behin erritmoa hartuta, ezinezkoa izan da jokalari blaugranen kalitatea gelditzea. Ansu Fati eta Riqui Puig gazteek distira egin dute Gasteizko estadioan, batek gol bat eginik eta besteak zenbait gol aukera eraikiz. Eta nola ez, presente egon da Messi, txapelketako goleatzaile nagusiaren garaikurra irabazteko prestu.

Messik eman dio pasea Ansu Fatiri 0-1ekoa egiteko. Egiari zor, oso motel aritu da Laguardia, baloiaren zain, eta hau esperoan zegoela atzetik, adi, agertu da aurrelari gaztea, bizi-bizi.

Behin markagailua irekita, bidea egin du Quique Setienen taldeak. Makal egon da Burke Magallanen pase bat jaso ostean eta hiru pasean, arean murgildu dira katalanak. Messik Sergi Robertori, honek hegalez aldatu du Riqui Puigengana bideratuz eta honek ondo ulertu du jokaldia. Messiren zain egon da eta argentinarrak finta batekin Roberto Jimenez garaitu du, Alaveseko jokalaririk onena, Luis Suarez eta Arturo Vidali bi gol eragotzi baitie.

Lehen zatiaren azken minutuan, Messi eta Jordi Albaren beste jokaldi eder batean, Luis Suarezek −herrenka hasi aurretik− hirugarren gola egin du.

Jaurtiketarik ez atera

Bartzelonaren arazo bakarra aulkian bazegoen -bi atezain eta hiru jokalari bakarrik zeuden aulkian eta Lenglet min hartuta erretiratu behar izan da eta Suarezek ere herrenka aritu da-, Alavesen arazoa behin areara hurbilduta, jaurtiketarik egin ez izana izan da. Manu Garciak egin du oraindik markagailua 0-0 zegoenean, Martinen pasea gora bidaliz, baina geroztik, arriskuarekin gerturatu diren aukera bakanetan gehiegi nahastu dira.

Burkeren pase on bat jaso ostean Joseluk berriro erdiratu nahi izan du jada Neto jaurtiketaren zain zegoenean eta bigarren zatia hasi bezain laster hutsegite itzela egin du Pere Ponsek asmo on guztiarekin errematatzera joan denean.

Riqui Puig Mendizorrotzan gozatzen ibili denaren seinale izan da Bartzelonaren laugarren gola. Harrobiko jokalaria garrantzitsu izaten ari da Setienen plangintzan txapelketaren itzulera honetan eta gaurko neurketan asko nabarmendu du. Laugarren golean pase ederra sartu du zenbait atzelarien artetik Semedok, bakar-bakarrik, Roberto Jimenezen ateari astindu ederra emateko.

Ligan txapeldunorde geratu ostean eta Osasunaren aurka galdu eta gero, sentsazioak berreskuratu nahi izan ditu talde katalanak, Championsean pentsatzen jarri aurretik, eta jarrera horrek markatu du igande honetako lehia. 0-4ekoarekin konformatu beharrean, erritmo berarekin jarraitu dute eta Messik 0-5ekoa egin du Jordi Albaren erdiraketa batean. 25. gola egin du argentinarrak eta ondo bidean, bera izango da txapelketako goleatzaile nagusia.

Lopez Muñizen jarraipena, zalantzan

Duela lau jardunaldi, Granadaren aurkako porrotaren ostean, iritsi zen Lopez Muñiz Alavesera. Azken neurketetan salbazioa lortzea helburu iritsi zen eta lortzeagatik, pozik agertu da asturiarra. Hala, argitu gabe dago ea hurrengo denboraldian Gasteizen jarraituko duen edo ez.

Alde horretatik, arrazoiarekin erantzun du entrenatzaile babazorroak. Adierazi du berak lau jardunaldietarako sinatu zuela, salbazioa lortzeko premiarekin eta beraz, «orain gutxienekoa da nire egoera». Klubari eskertuta azaldu da bere azken neurketa izan zitekeena jokatu eta gero, «taldearen momentu gogorrenean» berarekin gogoratzearren.

Igande honetako porrot mingarriari dagokionez, azpimarratu du inoiz ez dela pozgarria porrot bat eta aldagelan ere nabaritzen zela tristura. Hala ere, nabarmendu du Betisen aurka jokatu ostean aldagelak sentitu zuen poza ere erakusgarria izan zela.

Onartu du erritmo falta izan zaiela lehen zatian eta aurkaria erraz hurbildu dela areara. Erraz eta efikazia handiarekin, «iristen ziren bakoitzean langarekin topatu dira, edo Robertok [Jimenez] gelditu ederra egin du edo gola egin dute».

Era berean, nabarmendu du hobe dela horrelako porrot bat jasotzea behin helburua lortuta, oraindik lortzeke egon baino. Alde horretatik, ziurtatu du salbazioa jokoan egongo balitz neurketa «gogorragoa» izango litzatekeela.

«Ostegunean tentsio handiko momentuak bizi izan zituen taldeak, helburua lortzean badirudi jada bukatu dela guztia eta hain denbora gutxian beste neurketa bat prestatzeko mentalizatzea oso zaila da», azaldu du entrenatzaile asturiarrak.