Idoia ERASO

Urmuga jaialdia, mendiz-mendi eta kontzertuz kontzertu

Euskal Herria mendiz-mendi zeharkatzean geldialdi musikalak egiten ditu Urmuga jaialdiak. Mendietan izanen dira emanaldi gehienak, eta igandean Baigorri herrian, kontzertu anitza eginen da. Kontzertu andana aurrikusiak dira abuztuaren 1ean Hiru Erregeen Mahaian bukatuko den festibalean, jada egin diren lehen emanaldi arrakastatsuen ondoren. 

Mendia eta musika elkartzen ditu Urmuga jaialdiak. (URMUGA)
Mendia eta musika elkartzen ditu Urmuga jaialdiak. (URMUGA)

Mendietan eta bere inguruetan musika zabaltzea da Urmuga jaialdiaren izpiritua. Euskal Herria alderik alde zeharkatzen duen jaialdia, uztailaren 14an hasi zen Angulo mendatetik, eta abuztuaren 1ean amaituko da Hiru Erregeen Mahaiatik pasatzean, Euskal Herriko gailurrik garaiena hain zuzen ere. Baigorrin uztailaren 26an eginen den emanaldiaz gain, mendizaleek hilaren 22, 28, 30 eta abuztuaren 1ean gozatu ahal izanen dute musika naturaz inguratuta.

Felipe Uriarte alpinistak eta Et Incarnatus orkestrako zuzendaria den Migel Zeberiok elkarrekin bi zaletasunak batuz sortutako proiektua da Urmuga.

Ibilbidea egunez-egun eta tontorrez-tontor egiten ari diren ibiltarietaz gain, edonor hurbildu daiteke mendietan egiten ari diren emanaldi berezietara. Baina, aldapan gora ibili gabe musikaz gozatzeko gogoa dutenentzat, igandean kontzertua eginen da Baigorrin Etxauzia jauregian.

Orain arte arrakasta handia bildu du, uztailaren 19an Dimako Baltzolako kobetan egin zen kontzertuak, baita Aitzkorrin, Lareoko urtegian eta jaialdiko lehen emanaldia izan zen Tologorri mendikoan ere. 10 euroko ekarpena galdetzen da kontzertuetarako, eta aitzinetik erreserbatu behar da. Baigorriko emanaldirako aldiz, 15 euro ordaindu beharko dira.


Baigorrin 900 pertsonendako tokia

Igandean Baigorriko Etxauzian izanen da kontzertuan, eguraldia lagun baldin bada, 900 pertsona elkartu ahal izango dira jauregiko lorategian. «Prefetarekin segurtasun neurriak begiratu ditugu, baldintza zorrotzak badira, baina distantzia errespetatuz aski leku bada, eta jende anitz sartzen da» azaldu du Betti Bidartek, Baigorriko Basaizea elkarte kulturaleko kideak. Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izanen da, eta gehienez hamar pertsonararteko taldeak elkartu ahal izanen dira.  

Euskal Herriko txoko ezberdinetako musikariak elkartuko dira bertan. Et Inkarnatusek herriko kulturaldietan parte hartzeko usaia baduela eta, Zeberiok kontzertua antolatzea proposatu zuelarik, baietz erantzun zuten, eta programazio aberatsa eskainiko dute. Bertan parte hartuko duten musikari guztientzako hitz goxoak ditu Bidartek. Et Inkarnatusek «izpiritu zinez ona badu, eta zorte handia da hainbeste musikarekin izatea». Niko Etxart «lagun handia da, eta Ipar Euskal Herrian alde batera utzi ezin den kantaria da».

Eñaut Elorrieta «jada gurekin lanean aritu da» eta Mikel Urdangarin «lehen aldia da helduko dela, baina arras ongi pasako da, segur». Xendarineko ahizpak «hemen arras ezagunak dira, eta goxoa  da beraiek entzutea». Eta azkenik, baina ez «azkena, Eltzegar taldea». Kontzertuak bere osotasunean ekarriko duen aberastasuna azpimarratu du: «Denek elkarrekin afitxa biziki ederra osatzen dute».

Musika mendian

Aralarko Aizpearron joko dute 22an Donostiako orfeoiak, Et Incarnatus Orkestrak, Txomin Artola Leire, Kristina eta Leturia, Xendarineko ahizpak eta Oreka TX-ek, beraiekin batera, Gorka Benitez saxoan, Juantxo Zeberio pianona, eta Enrike Solinis perkusioan.

Baigorriko kontzertuaren ondoren, uztailaren 28an Okaben Euskal Barrokensemble ariko da. 30ean bi hitzordu musikatu izanen dira, eguerdian Orhin Donostiako Orfeoiak kantatuko du, eta arratsaldeko 18:00etan Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra, Petti, Alex Sardui, Amak, eta Gorka Benitez saxoan, Juantxo Zeberio Etxetxipia pianoan, Ander Zulaika baterian eta Itsaso Etxebeste baxuan.

Abuztuaren 1ean, jaialdiari bukaera emateko, Hiru Erregeen Mahaian lagun ugari bilduko dira.