NAIZ

Abuztuaren 2an Euskal Herriko hamasei hondartzatan biltzeko deia egin du Etxeratek

Aurten ere Etxeratek mobilizazioak antolatu ditu Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hondartzetan euskal preso politikoek pairatzen duten «salbuespenezko espetxe politikaren behin-betiko amaiera eskatzeko». Guztira, 16 hondartzatan bilduko dira datorren igandean, abuztuaren 2an.

Etxeraten agerraldia, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Etxeraten agerraldia, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Etxerat Euskal Herriko 16 hondartzetan mobilizatuko da datorren igandean, abuztuaren 2an, «salbuespenezko espetxe politikaren behin-betiko amaiera eskatzeko». «Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko, eta bizirik eta etxean nahi ditugulako», azaldu du presoen senideen elkarteak.

Etxeratek «hitzordu mobilizatzaile hori» nabarmendu du, «urte korapilatsu baten ondoren». Salatu duenez, «beldurra eta ziurgabetasuna izan dira nagusi, osasun krisiak espetxeetan izan duen eraginarengatik. Alarma-egoera deklaratu eta bost hilabete igaro dira eta ezjakintasun, segurtasun eza eta kezka egoera hau jasanezina da».

Horregatik guztiagatik, «salbuespen neurriak berehala amaitzeko eta euskal presoak Euskal Herrian egoteko, Euskal Herriko espetxeetan» eskatu du. Etxeraten ustez, «ez da nahikoa bide erdian dauden espetxeetara eramatea. Euskal Herrira ekarri beharko dituzte, legeriak hala onartzen duelako eta urruntzeak kaltetutako ehunka pertsonen familia-lotura errespetatzeko berme bakarra delako».

Etxeraten arabera, «Estatu frantsesak ez du oraindik desblokeatu betikotasunera kondenatutako presoen baldintzapeko askatasunen balazta, ezta gaixo larrien askatasuna ere». Gainera, «Estatu espainiarreko 199 presoetatik 9 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan. Horietatik guztietatik, 6 preso baino ez daude hirugarren graduan eta 140k lehen graduan jarraitzen dute».

16 hondartzatan

Bizkaian, mobiliziazioak hartuko dituzten hondartzak honakoak dira: La Arena, Laga, Laida, Lekeitio, Ondarroa (12.00etan), Bakio (12.30ean), Ea eta Laidatxu (13.00etan). Gipuzkoan, Donostia, Hondarribia, Mutriku, Orio, Zarautz eta Debako hondartzetan antolatu dituzte mobilizazioak, 12.00etan. Lapurdin, ordu berean Hendaia eta Donibane Lohizuneko hondartzetara joateko deia egin du Etxeratek.