NAIZ

Julen Atxurra Egurrola presoa «berehala» Euskal Herriratzeko eskatu du Lekeitioko Udalak

Julen Atxurra Egurrola euskal preso politikoa Euskal Herriratzeko eskatu du aho batez Lekeitioko Udalak. Egun Aranjuezen dagoen presoaren osasunarekin kezkatuta, hura bisitatzeko tramiteak egingo ditu Udalak.

Presoen aldeko elkarretaratza.
Presoen aldeko elkarretaratza.

Lekeitioko Udalak, gaur arratsaldean egin duen bilkuran, Julen Atxurra Egurrola presoaren alde Sarek aurkeztutako mozioa onartu du, aho batez. EAJko eta EH Bilduko ordezkarien botoekin.

Mozioan gogoratzen dute Julen Atxurrak buruko isuria jasan zuela maiatzaren 13an Puerto I espetxean, eta horren ondotik «euskal presoek bizi duten egoeraren ondorioak berriz ere agerian geratu dira». Lekeitioko presoak 61 urte ditu; 1996ko uztailean espetxeratu zuten, beraz, 24 urte daramatza kartzelan, urte hauek guztiak lehen graduan, hau da, «gogorrenean eta murriztaileenean eman ditu, horrek dakartzan ondorioekin».

Testuan jasotzen denez, Atxurraren gurasoak oso helduak dira eta ezin dira joan etxetik urrun dagoen espetxe batera. «Bere bi alabak aita dagoen espetxera joaten badira ere, ezin daiteke ukatu horrek sortzen dien kostua».

Horrekin batera, nabarmendu dute Julen Atxurra «presaz amaitu behar den errealitate baten adierazgarri garbia» dela. Hala, mozioan gogora ekarri dutenez, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daude; 70 urtetik gorako bi preso, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60 urtetik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden presoen %80 etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 lehen graduan daude.

Horregatik guztiagatik, Lekeitioko Udalak Julen Atxurrak «bizi duen salbuespenezko egoera salatu eta berehala Euskal Herriratzea» eskatu du, eta preso lekeitiarraren osasunaz kezkatuta, «bere egoeraren berri era zuzenean jasotzeko asmoz», espetxearekin harremanetan jarriko direla iragarri du, «Julenek alkatearekin telefonoz hitz egin eta alkatea buru izango duen udal ordezkaritza batek bere bisita jasotzeko aukera izan dezan».

Julen Atxurra Puerto Ietik Aranjuezera eraman zuten ekainaren bukaeran, Etxeratek jakinarazi zuenez.