NAIZ

47 positibo jada Azpeitian; ardura eskatu du Udalak, «egoera larria da eta»

Azpeitian Udalak ezarritako neurri bereziak mantenduko dira momentuz, jada covid-19a duten 47 lagun zenbatu baitira, herriko Alde Zaharrean piztutako kutsatze katean. PCRa egiteko eta adinekoak babesteko deia egin du alkateak.

Azpeitia alkatea, Murga sailburuarekin gaur goizean. (Azpeitiako Udala)
Azpeitia alkatea, Murga sailburuarekin gaur goizean. (Azpeitiako Udala)

«Egoera larria da eta oso kezkatuta gaude. Adin guztietako jendeak eman du positibo, eta bereziki kezkatzen gaituzte 70 urtetik gorakoen artean emandako lau positiboek», adierazi du igande honetan Nagore Alkorta Azpeitiako alkateak.

Datuak behin-behinekoak dira oraindik eta hala ere jada 47 lagun kutsaturik ageri da. Udalak «Alde Zaharrean ibili eta oraindik proba egin ez dutenei» PCR egiteko deia berretsi die. Betharrametan ari dira egiten, asko-asko, 2.000 inguru dagoeneko.

Udalak jakitera eman duenez, datu kezkagarria jaso dute gaur goizean Nagore Alkorta Azpeitiko Alkateak eta Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak Nekane Murga Osasun Sailburuaren eskutik, gaur goizean eginiko bileran. Ostiralean eta larunbatean egin eta atzo gauera arte erregistratutako emaitzen arabera 47 kasu positibo atzeman dira Azpeitian, Alde Zaharreko covid-19 fokuarekin lotuta. Gainera, positibo horien gertuko kontaktu eta familiakoak probak egiten hastean, positibo gehiago izatea aurreikusten dute.

Gauzak honela, prebentzio neurriak mantenduko dira. Ostiralean, fokuaren berri izan bezain pronto, prebentzio neurriak zorroztu zituen Udalak. Hala, udal zerbitzu guztiak itxi zituen, eta tabernariekin bilera egin ostean, Alde Zaharreko tabernak ixtea ere adostu zuten.

Adineko zerbitzuei dagokionez, ostiraletik ez da eguneko zentroa ireki eta erabiltzaileei etxez etxeko zerbitzua eskaintzen zaie. Adinekoen San Martin egoitzan ere bisitak bertan behera utzi dira. Alkateak adierazi duenez, neurriak bere horretan mantenduko dira fokuaren «benetako dimentsioa» egiaztatu arte.

Gauza guztien gainetik, arduraz jokatzeko deia egin du EH Bilduko alkateak. Proba egiteko beharra nabarmendu du, bai abuztuaren 7, 8 edota 9an Alde Zaharrean ibili zirenei zuzendua, bai eta inguruan positiboren bat izan dute senide eta lagunei helarazia ere.
 
Gainera, «adinekoei ahalik eta prebentzio neurririk zorrotzenak betetzeko eskatzen diet datozen egunotan –adierazi du Alkortak–. Eta, denok ditugunez adinekoak inguruan, babestu ditzagun. Denok hartu ditzakegu prebentzio neurriak; maskara erabili, lagun arteak, senideen bilkurak ekidin ditzakegu... Hau guztia helburu bat eta bakarrarekin eskatzen diegu herritarrei: Foku hau ahalik eta azkarren itzaltzeko».