NAIZ

Zinema Euskaraz saioa ostiral honetan itzuliko da 'Bihurri' filmaren estreinaldiarekin

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz saioak 'Bihurri' euskarazko animaziozko filma estreinatuko du ostiral honetan, abuztuak 21, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

‘Bihurri’ filma.
‘Bihurri’ filma.

Zineuskadik «koronabirusaren pandemiak behartutako geldialdia gordinki jasaten ari den ikus-entzunezkoen euskal sektorea suspertzeko konpromisoarekin» jarraitzen duela adierazi du ohar baten bidez. Horregatik, ostiral honetan, abuztuak 21, 'Bihurri' euskarazko animaziozko filma estreinatuko du Zineuskadik Zinema Euskaraz programaren baitan.

‘Bihurri’ filma «balorez betetako istorio samurra da», bakarrik utzitako txakur aristokratiko bati eta abestiak konposatuz aurrera egiten saiatzen den neska gazte bati buruzkoa. Bere lehengo jabearen iloba diruzaleek Bihurri harrapatu nahi dute eta txakurra haiek saihesten saiatuko da.

Filma Kefin Johnson ‘Alvin y las Ardillas’ filmeko animazio zuzendariak zuzendu du, eta produktore exekutiboa Conrad Vernon da, ‘Shrek 2’ eta ‘Madagascar 3’ filmeen egileetako bat da.

87 minutuko iraupena du filmak, eta Kanada eta Estatu Batuen harteko koprodukzio bat da. Filma Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Multicines 7 (Bilbo), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Principe (Donostia), Oñatiko Zinema, Bastero (Andoain), Zelai Arizti (Zumarraga), Areria (Lazkao) eta Gurea zinemetan estreinatuko da. Irailean, berriz, 'Koko dragoi txikia oihanean' iritsiko da aretoetara.