Amaia EREÑAGA

Hileta-martxa Bilboko kaleetan, ikuskizunetako teknikarien oroimenez

Isilik, beltzez jantzita eta bakoitza fligh case bat (soinu ekipoak garraiatzeko erabiltzen diren kaxak) arrastaka eramanez, gainean daramaten sama irudikatzeko. Horrela zeharkatu dute ikuskizun eta ekitaldi kulturaletako langileek Bilboko erdigunea.

Teknikarien egoera dramatikoa irudikatu dute Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Teknikarien egoera dramatikoa irudikatu dute Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ikuskizun eta ekitaldi kulturaletako langileek manifestazioa egin dute Bilbo erdigunetik. Irteera, Hurtado de Amezaga kalean. Helmuga, Udaletxean. Pandemiarik ez balego, Bilboko Aste Nagusian buru-belarri lanean arituko liratekeela gogorarazi nahi izan dute –Konpartsek beraien babesa eman nahi izan diete–, eta galdera bat ere luzatu dute; jaietarako hitzartutako 2,5 milioietako aurrekontua nora bideratu da? Kulturara akaso?

Kulturaren sektoreak egoera latza bizi badu, are okerragoa da teknikariena. «Kulturaren sektorearentzat laguntza espezifikoak lortu dira, baina bakar batek ere ez ditu langileak kontuan hartzen. Ez gara artistak, ez gara sortzaileak, ez gara programatzaileak, baina gu gabe ez dago ikuskizunik», aipatu du Teknikariok sindikatuak.

EAEn 7.000 bat teknikari inguru daude antzerkia, musika eta mota desberdinetako kultur ekimenetan lan egiten dutenak. Gehienak autonomoak dira (%40-50 inguru) sektorearen berezitasunak bultzaturik. «Aldizkotasun handia dago», esan du Gorka Agirrek, sindikatuko bozeramaileak.

Lan-hitzarmenik gabe daude; beraz, ez daukate ez gizarte-segurantzarik ez ezer. Honi eta bestelako arazoei buruz mintzatuko dira datorren astean Lakuan Kultura sailburuarekin.

«Alarma egoeran gaude»

«Krisi latz batetik gatoz eta, irtetzen ari ginenean, hau iritsi da, pandemia. Gu geu alarma egoeran gaude, agian 2023ra arte ez garelako ehuneko ehunera egongo. Hori dio, esaterako, Live Nation promotoreak, Beyonce, Shakira eta kontzertu handiak daramatzan promotorak; hau da, 2023ra arte, geldirik. Eta ikusiko dugu Glastonbury festibala eta mota honetako jaialdi handiak noiz itzultzen diren. Euskal gizarteak ulertu beharko luke gure egoera zein den; ez gatoz dirulaguntzak eskatzera, guk berriz lan egin nahi dugu! Zeren segurtasun neurriak mantenduta, zergatik ezin ditugu musikari batzuk entzun eguerdian eta arratsaldeko 5etan?».

Kezkatuta daude, oso. Estatuko beste teknikariekin elkartzeko ahaleginetan ari dira, ea irtenbiderik aurkitzen ote duten. Giroa nolako da? «Oso arduratuta gaude –dio Gorka Agirrek–. Pertsonalki, ni neu soinu teknikaria naiz, baina ez dakit lan honetan jarraitu behar ote dudan. Nik beste ikasketa batzuk ditut; orduan, zer egingo dut; sektorez aldatuko naiz eta gero bueltatu?».