NAIZ
LEIPZIG

Kontzertuak egin ahal izateko, tamaina errealeko esperimentua Alemanian

Aurrerantzean, covid-19a gure artean egon arren, egin ahal izango ote da kontzertu handirik? Alemaniako Halle Unibertsitateak esperimentu handi bat abiatu zuen atzo, tamaina errealean, 2.000tik gora parte-hartzailerekin. Udazkenerako lortuko dituzten datuekin, hasierako galdera horri erantzun fidagarria ematea espero dute.

Tim Bendzkoren emanaldiko une bat, monitorizatutako ikusleen aurrean, Leipzigen. (Hendrik SCHMIDT/AFP)
Tim Bendzkoren emanaldiko une bat, monitorizatutako ikusleen aurrean, Leipzigen. (Hendrik SCHMIDT/AFP)

Asmoa Leipzig hirian egun berean eta formatu ezberdinetan hiru kontzertu eskaintzea zen. Tim Bendzko pop kantari aleman ospetsuak esperimentuan parte hartzea onartu zuen. Jendea kutsatu gabe kultur eta kirol ekitaldi handiak egiteko formularik onena zein den ikusteko, ikertzaileek ikus-entzuleen datuak jaso behar dituzte.

4.000 ikusle espero zituzten arren, Bendzkoren arrakasta ez da uste bezalakoa izan eta 2.200 pertsona inguru besterik ez ziren aurkeztu. Ikertzaileen ustez, ordea, kopuru nahikoa zen ikerketa aurrera eramateko. Pertsona gazteak –18 eta 50 urte bitartekoak, zehazki– eta osasuntsuak baino ez ziren onartu, arriskuak mugatzeko.

Saioaren nondik norakoak

Hitzordua Saxoniako hiriko Leipzig Arena kontzertu areto handian egin zen. Boluntario guztiei aurretik tenperatura hartu zieten. Saioan FFP2 motako maskara jantzi behar zuten eta egiten zituzten mugimendu eta kontaktu guztiak arakatzeko gailu bat gainean eraman behar zuten.

Desinfektatzaile fluoreszenteen bitartez, ikertzaileek parte-hartzaileek eskuekin zein gainazal ukitzen zituzten kontrolatzen zuten. Ikus-entzuleek botatako aerosolen ibilbideak ere neurtu behar zituzten. Zenbait ikerketaren arabera, partikula txiki horiek kutsakorrak dira eta birusaren hedapenaren kausa izan daitezke.

Baina behaketa ez zen kontzertu-aretoan abiatzen. Bisitarien portaera hasieratik ikusi ahal izateko, aparkalekua zen ikerketaren abiapuntua, eta bertatik parte-hartzaileak Arenara eramaten zituzten, tranbietan.

Eredu matematikoaren bila

Halle-ko Unibertsitateko ikertzaileek koronabirusa eta bilkura handiak (musika edo kirol kontzertuak, adibidez) bateragarriak ote diren jakin nahi dute. Bildutako datuekin, kontzertu-areto handi batean birusa hedatzeko dagoen arriskua ebaluatzeko tresnak lortu nahi dituzte. Horretarako, eredu matematikoa eraikiko dute.

Emaitzak udazkenean argitaratuko dira. Kultur eta aisialdi sektoreak datuok ezagutzeko irrikaz dira. Gehienek hilabeteak daramatzate lanik egin ezinda. Alemanian, bilkura handiak debekatuta daude gutxienez urriaren amaierara arte.

Angela Merkel kantzilerrak berriki ohartarazi duenez, ekitaldiei ezarritako murrizketak nola leunduko diren ez du argi ikusten, koronabirus bolada berri honetan kasuak ugaritzen ari direlako.

Alemaniak 2.000 kasu berri baino gehiago erregistratu ditu azken bi egunetan. Apirilaren amaieratik, pandemia gorenean zenetik, izan dituen daturik txarrenak dira.