NAIZ

Emma Boadak eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu du

Bera Berako jokalari kataluniarrak min hartu zuen Peredaren aurkako lagun arteko partidan, eta azkenean aurreikuspen txarrenak bete dira: sei hilabete inguru beharko ditu osatzeko.

Boada, Peredaren aurkako lagun artekoan (BERA BERA)
Boada, Peredaren aurkako lagun artekoan (BERA BERA)

Super Amara Bera Berak jakinarazi duenez, Emma Boadak eskuin belauneko barne lotailu gurutzatua apurtuta du. Halaxe baieztatu du jokalari kataluniarrari IMQ Zurriolan egin dioten erresonantzia magnetikoak.

Denborarik galdu gabe, abuztuaren 31n egingo diote ebakuntza Boadari Madrilgo Cemtron ospitalean Covid 19 froga gaindituz gero eta, sei hilabete inguru beharko ditu ondoren osatzeko.

Talde donostiarrak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, defentsan ari zela belauna okertu zuen Boadak jokaldi batean, eta berehala min handia sentitu zuen. Lehen unetik zirudien lesioa benetan larria izan zitekeela eta, zoritxarrez, erresonantziak aurreikuspen okerrenak baieztatu ditu. Gainera, kanpoko lotailua ere kaltetuta du Boadak.

Ondorioz, kataluniarra baja izango da denboraldiaren zati handi batean, eta hutsune nabarmena izango da Imanol Alvarezentzat, klubak argi adierazi duelako ez duela ordezko bat fitxatuko.

Bera Berak dioenez, entrenatzaile ermuarra lanean hasia da egoera berri honetara moldatzeko, eta aurreko larunbatean Granollersen aurkako lagun arteko partidan hainbat proba egin zituen Boada nola ordezkatu erabakitzeko.

Emma Boada aurtengo udan iritsi da Donostiara, Malagan jokatu ondoren. 25 urte besterik izan ez arren, esperientzia handiko jokalaria da (180 neurketa gorengo mailan) eta Bera Berak asko espero zuen berarengandik.