Zinemaldiaren 68. edizioak ‘We Are Who We Are’ telesailaren mundu-estreinaldia eskainiko du. Luca Guadagninok HBO-SKYrako zuzendu duen lana, zortzi kapitulukoa, osorik ikusi ahalko da bere zinema-formatuan (7 ordu eta 50 minutu), Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan.
Lehenbiziko aldiz, Oscar sarirako proposatutako Luca Guadagnino zuzendariak bere zinema-estilo paregabea telebistara eraman du ‘We Are Who We Are’ lanarekin. Telesailak adiskidetasuna, lehen maitasun istorioa eta nortasuna aztertzen ditu Italiako base militar estatubatuar batean bizi diren bi neraberen bitartez. Paolo Giordanok, Francesca Manierik eta Guadagninok berak idatzia, nerabe izatearen euforian eta larritasunean murgiltzen ditu telesailak ikus-entzuleak. «Historia munduko edozein lekutan gerta liteke, baina Italiako zati amerikar txiki batean gertatzen da», arduradunen hitzetan.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, ‘We Are Who We Are’ filmaren mundu-estreinaldia izatea «luxua» da jaialdiarentzat. «Plataformetarako telesail bat egin duen lehen aldi honetan, Guadagninok unibertso berezi bat sortzea lortu du, non pertsonaia gogoangarriak elkarrekin bizi diren, beren burua aurkitu nahian, berezko nortasuna sortu eta euren lekua aurkitu nahian, lekuz kanpo sentitzen diren mundu batean. Pertsonen –eta, bereziki, gazteen– askatasun eta indibidualtasunen gorespen ederra da. Gainera, ezin hobeki kontatuta, filmatuta eta antzeztuta dago», esan du.
Luca Guadagninok (Palermo, 1971) idazle, zuzendari eta ekoizle gisa egindako lanen artean, hauek dira nabarmentzekoak: ‘Io sono amore / I Am Love’ (2009); ‘Bigger Splash’ (2015); ‘Call Me By Your Name’ (2017), Perlak sailean hautatua eta film onenaren Oscar sarirako eta Hollywoodeko Akademiaren beste hiru saritarako izendatua (James Avoryk gidoi egokitu onenaren saria eskuratu zuen film horrengatik); eta ‘Suspiria’ (2018).
Veneziako Zinemaldiaren hurrengo edizioan ‘Fiori, fiori, fiori!’ film laburra –konfinamenduan filmatua– estreinatuko du, baita ‘Salvatore-Shoemaker of Dreams’ dokumentala, Salvatore Ferragamo diseinatzaile eta zapatariari buruzkoa.
Chloë Sevigny, Jack Dylan Grazer, Alice Braga, Jordan Kristine Seamon, Spence Moore II, Kid Cudi, Faith Alabi, Francesca Scorsese, Ben Taylor, Corey Knight, Tom Mercier eta Sebastiano Pigazzi aktoreek ere parte hartu dute ‘We Are Who We Are’ telesailean.