NAIZ

40.000 irakasle berri izango ditu Estatu espainolak; 2.000 baino gutxiago Hego Euskal Herriak

Bi aste barru Estatu espainiarreko ikasleak ikasgeletara itzuliko dira koronabirusak markatutako ikasturtea hasteko. Autonomia-erkidego guzti-guztiek irakasle gehiago kontratatu dituzte, irakasle-ikasle ratioa txikiagoa izan dadin. 40.000 horietatik ez dira 2.000ra heltzen euskal administrazioek hartuko dituztenak.

Hernaniko ikasgela bat hutsik. (Jon URBE/FOKU).
Hernaniko ikasgela bat hutsik. (Jon URBE/FOKU).

Madril (6.747.069 biztanle) irakasle gehien kontratatuko dituen erkidegoa da, Estatu espainolaren barruan. Isabel Diaz Ayuso PP presidenteak aldi baterako 10.610 irakasle berri hartuko dituela iragarri du, ikasgeletako ratioak 20 ikaslera murrizteko. Orain arte, 44.987 irakasle zituen Madrilek.

Hala eta guztiz ere, Andaluziako irakasleen ia erdia izaten jarraituko du. Andaluzian (8.476.718 biztanle) haur eta lehen hezkuntzako ikasleak irailaren 10ean itzuliko dira eskoletara, eta gainerakoak 15ean. Orain arte Andaluziak 94.737 irakasle zituen eta ikasturte honetan 6.260 gehiago izango dira.

Katalunian (7.652.069) irailaren 14an itzuliko dira ikasgeletara eta 8.000 irakasle berri izatea espero dute. Orain arte 71.409 irakasle zituzten.

Valentziako Erkidegoak (5.028.650), 52.412 irakaslere zizan zituen aurreko ikasturtean, eta aurten beste 7.300 gehiago izatea espero da.

3.000.000 biztanle baino gutxiagoko erkidegoak

Galizian (2.702.244), Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak irailaren 10ean itzuliko dira eskoletara, eta gainerakoak 16an. 1.023 irakasle berri izango ditu, eta aurretik zeuden 27.572 irakasleei gehituko zaizkie.

Gaztela eta Leonen (2.401.230) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hilaren 9an itzuliko dira, eta gainerakoak 14an. Iaz 24.766 irakasle izan zituen eta aurten 550 gehiago izango ditu.

Kanarietan (2.237.309) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 15ean hasiko dira, egun bat geroago DBH eta Batxilergokoak, eta 17an Lanbide Heziketakoak. 3.300 irakasle gehiago izango ditu komunitateak, eta lehendik zeuden 22.945 irakasleei gehituko zaizkie. Kanariar Uharteek EAEren oso antzeko populazioa dute, baina irakasleen gorakada dezente handiagoa da.

EAEn (2.189.310 biztanle) 6 urtetik gorako ikasleak irailaren 7an itzuliko dira eskoletara (kasu batzuetan 8an). Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur jakitera eman duenez, 1.000 irakasle gehiago egongo dira, aurretik zeuden 21.296 irakasleekin batera.

Gaztela-Mantxan (2.045.384) Haur Hezkuntzako ikasleak hilaren 7an itzuliko dira eskoletara, eta gainerako guztiak 9an. Aparteko neurrietarako 120 milioi euroko inbertsioa onartuta, 3.000 irakasle gehiago izango ditu. Iaz 27.588 irakasle izan zituen.

1.500.000 biztanle baino gutxiagoko erkidegoak

Aragoin (1.330.445) Haur Hezkuntzako ikasleak 7an hasiko dira, Lehen Hezkuntzakoak 8an, DBH 10ean, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Presentzialtasunean konfiantza dago, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta DBHko hirugarren mailatik aurrera erdi-presentzialak izateko aukera dago. Orain arte zeuden 14.879 irakasleei beste 300 gehituko zaizkie, Euskal Herrian hartuko direnak baino gutxiago beraz.

Asturiasen (1.018.775), Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan hilaren 10ean hasiko dira, DBHn eta Batxilergoan 14an eta Lanbide Heziketan 18an. 400 irakasle berri kontratatuko dira. Orain arte 9.924 zeuden.

Nafarroan (656.487), Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza sailburuak baieztatu du bere departamentuak 666 irakaslerekin indartuko duela 2020-2021 ikasturtea.

Kantabrian (582.357) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hilaren 7an itzultzen dira, eta DBH, Batxilergoa eta LH 10ean. Ikasturtea 200 irakasle gehiagorekin hasiko da, iaz 7.396 izan zituen.

Errioxan (315.926) ikasle guztiek irailaren 7an ekingo diete berriro eskolei. Iaz 3.437 irakasle zeuden, eta aurten 200 batuko dira.