NAIZ

Etxebarria babesteko elkarretatzea deitu dute Algortan eta auzia espainiar Gorteetara heldu da

Gu Ere Bai taldeak Unai Etxebarria atezainaren adierazpen askatasunaren aldeko elkarretaratzea deitu du igande eguerdian Algortan, bere herrian. Auzia, gainera, espainiar Gorteetara heldu da zenbait ekimenen bidez. Granada futbol taldea zein jokalaria isilik dira momentuz, kontratua bukatutzat eman dela jakin den arren.

Unai Etxebarria, Altsasuko auzia salatzen zuen elastikoarekin. (Twitter)
Unai Etxebarria, Altsasuko auzia salatzen zuen elastikoarekin. (Twitter)

Granada Futbol Taldeak ez du oraindik jakinarazi Unai Etxebarria atezainari kontratua eten diola, ‘Altsasukoak aske’ zioen elastikoa erakusteagatik espedientea ireki ondoren. Ostegunean zabaldu zuen albistea ETBk eta futbol jokalariak ere ez du hitzik esan momentuz, baina, bi aldeen argipenen faltan, jada soka luze-luzea ekarri du gertatutakoak.

Hasteko, igandean elkarretaratzea deitu du Gu Ere Bai taldeak Etxebarriaren herrian, Algortan, 13.00etan. Hizkuntz eskubideak defendatzeko sortu zela aipatu du ekimen honek baina «tamalez, adierazpen askatasuna aldarrikatzera gatoz oraingo honetan, talde-ospakizun batean, mezudun elastiko bat eramateagatik zigor latza jaso baitu Unai Etxebarria futbol jokalariak eta bere lan kontratua eten egin dute logika eta legediaren gainetik. Eta oraingo honetan ere ezin dugu isilik egon».

«Kirolariok gizartearen parte bat garen heinean, gizartearen isla gara eta euskal kirolarion engaiamendua ez da gaurko kontua. Arlo guztietako aldarrikapenetan murgildurik egon gara, kolore guztietakoak eta egoera arras ezberdinetan esango genuke, norberak bere irizpideei eutsiz eta horrela beharko luke etorkizunean, eta horrela nahi dugu guztiontzako, esaterako gure nazio izaera eta berezko hizkuntza aldarrikatzeko, edota elkartasuna adierazteko, Unairen kasuan bezala. Azken finean elkartasunean dago koxka eta horixe bera helarazi nahi diogu Unai Etxebarria atezainari, adierazpen askatasuna arlo guztietan eta guztiontzat sasi guztien gainetik», aipatzen du talde honen deialdiak.

Zenbait ekimen politiko ere abian da, beti ere Granadak erabakitakoa (jokalariaren borondatearen aurka ala bere oniritziarekin izanda ere) zigor politikoaren itxura duela ondorioztaturik.

Albistea zabaldu bezain laster, hauxe idatzi zuen Oskar Matute EH Bilduko diputatuak Twitterren:

EAJk Gobernu espainolari galdera luzatu dio Kongresuan. Iñigo Barandiaran diputatuak aipatzen duenez, kontratu-etena kanporatzea izan balitz, adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat hartu beharko litzateke, eta ondorioz lan ikuskaritza ez ote lukeen aktibatu beharko planteatu dio.

Senatuan gauza bera egin du Geroa Bai-ko Koldo Martinezek: Granadaren futbol taldearen jokabidea ikertzeko eskatu dio Sanchez Gobernuari.