NAIZ

Lantegietan ikuskapenak egiteko eskatu du EH Bilduk Uvesaren «jarrera arduragabearen» ondotik

EH Bilduk ostegun honetan Tuterako Uvesa lantegian izandako covid-19 agerraldia, 175 kasuekin, «eskandalagarria» dela adierazi du eta administrazioei enpresetan «jarraipen eta ikuskapen zorrotza» egitea eskatu du «lan-eremuan osasun-segurtasuna bermatzeko».

Una persona entrando a la planta de Uvesa de Tutera. (Idoia ZABALETA/FOKU).
Una persona entrando a la planta de Uvesa de Tutera. (Idoia ZABALETA/FOKU).

Aste honetan Tutetako Uvesa lantegian izandako covid-19ko agerraldia «eskandalagarria» dela adierazi du EH Bilduk ohar baten bidez. 175 positibo atzeman zituzten, eta enpresako zuzendaritzak lantegia irekita jarraitzea erabaki du, «Osasun Publikotik zerbait desberdina esan arte».

Koalizio soberanistak Uvesa enpresak bere langileekiko izandako «jarrera arduragabea» kritikatu du, «lantegi horretan neurririk ez zegoelako sindikatuek alarma piztu zutela kontuan hartuta».

Era berean, EH Bilduk «Lan-Osasunak langileen osasuna arriskuan jartzen duten jokabide horiek kontrolatu eta zigortzeko beharra» aldarrikatu du. «Ezinbestekoa da Administrazioak jarraipen eta ikuskapen zorrotza egitea, lan-eremuan osasun-segurtasuna bermatzeko indarrean dauden neurriak betetzen direla ziurtatzeko, batez ere langile asko dauden lantegietan», gaineratu du.

Ildo horretan, Nafarroako EH Bilduren talde parlamentarioak galdera bat erregistratu du gaur bertan Santos Indurain Osasun kontseilariari zuzenduta, «Nafarroako Osasun Publikoak eta Lan Osasunak lantokiak ikuskatzeko eta langileen segurtasun-neurriak bermatzeko zer neurri garatzen ari diren» jakiteko, bai eta «Uvesa eta antzeko ezaugarriak dituzten beste lantoki batzuen berragerpena kontrolatzeko ezarritako neurriei buruzko informazioa» ere.