NAIZ

Irailaren 8an jasoko du Atx Teatroak XX. Donostia Antzerki Saria, ‘7ak bat’ antzezlanagatik

Atx Teatroaren ‘7ak bat’ antzezlana izan da XX. Donostia Antzerki Sariaren irabazlea. Pandemiagatik atzeratutako sari-emate ekitaldia irailaren 8rako programatu dute Donostiako Victoria Eugenian eta, ekitaldiaren ostean, obra oholtzaratuko da.

Atx teatroak irailaren 8an jasoko du saria. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Atx teatroak irailaren 8an jasoko du saria. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

XX. Donostia Antzerki Sariaren obra irabazlea, Atx Teatroaren ‘7ak bat’, irailaren 8an oholtzaratuko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sari-emate ekitaldia ere egun berean izango da, 19.30etan hasiko den saioan.

Sari hau aurreko urtean hirian antzeztu den euskarazko obra onenari eskaintzen zaio eta, urtero legez, aurten ere martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren karira zen ospatzekoa ekitaldia, baina Covid-19aren eraginez sortutako alarma egoeraren ondotik bertan-behera geratu zen ekitaldia. Donostia Kulturatik iragarri dutenez, irailaren 8rako programatu dute ekitaldia, babes neurri guztiak kontuan hartuta.

Atx Teatroak Victor Frankensteinen mitoa hartu zuen oinarri ‘7ak bat’ antzezlana osatzeko –izan ere, eleberriak 200 urte bete zituen 2018. urtean– eta zazpi bekatu kapitalekin eta kultura ezberdinetan nagusi diren beste hainbat bekaturekin lotu zuen, lengoaiaren bidez «komikotasunez, satiraz eta sarkasmoz» osatutako munstro bat osatzeko, Donostia Kulturatik zehaztu dutenez.

Erakunde beretik iragarri dutenez, ekitaldirako eta horren osteko antzezpenerako sarrerak gonbidapen bidez soilik eskuratu ahalko dira, Victoria Eugeniako lehiatiletan, irailaren 7an eta 8an.