OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Ixiar Rozasen ‘Unisonoa’, lerro bat infinitorantz

«Ez da liburu erraza» Ixiar Rozas idazleak erditu duena. Pamiela argitaletxeak berak onartu du. ‘Unisonoa’ poesia da, baina ez da poema liburu bat. Edo ez hori bakarrik. Kode bidez, Bandcamp atarian entzun daitezke atxikita dituen pieza soinudunak. Entzumenaren bidez idatzi du eta, hala, entzumena zorroztu behar da irakurri ahal izateko. Astearte honetan aurkeztu du.

Ixiar Rozas idazlea, Maite Arroitajauregi eta Ainara LeGardon musikariez lagunduta. (Jon URBE I FOKU)
Ixiar Rozas idazlea, Maite Arroitajauregi eta Ainara LeGardon musikariez lagunduta. (Jon URBE I FOKU)

Esan nahi zuenari zer forma eman. Ezkutuan edo agerian egin… Eta presarik gabe, liburua bera egitea ez baitzen helburua. Eta horrek eman dio askatasuna eta patxada. Arnasa, erritmoa. Entzuten zuena idatzi. Entzumenaz idatzi baitu. Narratiba esperimentala egin ei du Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972) idazleak ‘Unisonoa’ liburuan, asteazken honetan bertan Donostiako Kaxilda liburudendan aurkeztua. Pamiela argitaletxearen eskutik egin du. Idazleak horrelako lan bat aurrera ateratzeko bildutako ausardia estimatu du, «ez baita erraza esperimentazioaren alde egitea, are gutxiago gurean», aipatu du.

Hizkuntza eta sorkuntza uztartu dira, ezberdinen arteko elkarketa honek eman du emaitza, Jose Angel Irigaray editoreak aditzera eman duenez. «Arte factum-a da, zentzurik zabalenean». «Beretzat –adierazi du–, kezka handiena zen esan nahi zuenari zein forma eman, eta ez da txantxetako arazoa. Esan nahi duzuna hitz bilakatu, hori da gakoetako bat».

Bigara sormen kolektiboak diseinatua, liburua laukizuzena da, eta irekitzean irakurlea ohartuko da formak baduela zentzua. Eta handia. Ez baita poesia konbentzionala, ez dira esaldiak, bata bestearen atzean josita. Rozasek planteatzen duena lerro bat da, lehen orrialdetik azken orrialderaino bidaiatzen duen lerro luze bat, orri guztiak, banan-bana, zulatzen dituen lerro luze bat, infinitoa. Akaso ortzimugaraino ailegatzen dena. Soka fin bat, hari beltz bat, puntu eta komarik gabe. Ez pausarik, baina bai erritmoa. «Errepikapena ematen dio, mantra moduko bat bezala. Eta horrek badu denbora linealetik. Soka luzea da, inoiz bukatzen ez dena. Irekia dena, amaierak bukaerara eramaten zaituelako», deskribatu du Irigaray editoreak.

Idazleak berak jarraian adierazi duenez, lerro batean denetarik kabitzen da. Maitasun ekintza bat, kritika, krisia, errebeldia… espiral bat. «Lerro batek izan dezake hori guztia. Eta izan dezake ere bere barnean ostertza. Horizontearen ideia bueltaka izan dut –aitortu du–, ez dut irudikatu gauza finkoa bezala. Nahiago dut mugitzen den horizontea, hori da egunero egiten dena, dela erronka bat, amets bat, desio bat…».

Pieza soinudunak, inprobisazioz

Urteetan zehar ondua, erritmoaren bila ibili da tematuta. «Entzumenarekin idatzitakoa da, horregatik entzumenak berak esan dit noiz zegoen lana amaituta». Esan duenez, «gorputz osotik» idatzita dagoen lanak bi forma hartu ditu, bata paperean argitaratu dena eta bestea pieza soinudunetan jaso dena. Bi lan independente dira, argitu du, alegia, batak bestea gabe funtzionatzen du, baita elkarrekin ere. ‘Unisonoa’ liburuaren ale bakoitzak kode bat dakar Bandcamp atarian zintzilikatuta dagoena entzun ahal izateko.

Proiektuaren atal honetan bidaideak izan ditu, besteak beste Rafael Martínez del Pozo, Ainara LeGardon eta Maite Arroitajauregi musikariak. Hitzen eta soinuaren arteko harremanetik sortu da beste atal hau. Ez da poesia musikatua, ezta poesia errezitaldia ere, hori argitu nahi izan du. Inprobisatuak izan dira erabat, eta tartean xuxurlaren bilaketa ere landu dute.