Arnaitz Gorriti

Zierbena nagusi eta Zarautz ere barruan Kontxako gizonezkoen sailkapen estropadan

Eusko Label Ligako traineruek eraman dituzte Kontxako estropadan sartzeko txartel guztiak, Zierbena, Orio eta Hondarribia izanik aurreneko hiru sailkatuak. Ezusteko bakarra Zarautzek eman du, mailari eusteko playoffetan murgilduta egonagatik, «Enbatak» zazpigarren lekua eskuratu du, eta alde itzela atera die datorren urtean Eusko Label Ligara igo nahi duten aurkari guztiei.

Zierbenak pronostikoak bete eta sailkapen estropada irabazi du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Zierbenak pronostikoak bete eta sailkapen estropada irabazi du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Zierbenak eraman du «beldurraren estropada». «Galipoek», eusko Label Ligan bete beharreko kupoen arazorik gabe, egin dute denborarik onena Kontxako Bandera lehiatzeko sailkapen estropadan. Ez da ia inolako ezustekorik izan, Eusko Label Ligan ari diren ontzientzat izan baitira zazpi postuak, Galizia ko Ligako errege diren Samertolameu eta Tiran, eta KAE 1 Ligako buruan amaitu duten Pedreña eta San Pedrok inolako aukerarik ez baitute izan.

Sorpresa bakarra Zarautzek eman du. «Enbatak» oso asteburu traketsa izan zuen Galizian eta hargatik, Eusko Label Ligan mantendu edo maila galtzeko kinkan egongo da playoffetan. Asteburu txar hori alde batera lagata, zarauztarrek lan bikaina egin dute eta, nahiz eta aurrenengo postuan atera behar izan duten arraun egitera, inolako erreferentziarik jakin gabe, zazpigarren denbora onena egin dute, Ondarroarekin azkenera arte orpoz orpo ibili ostean.

Ondorioz, Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi, Urdaibai, Cabo eta Zarautzek izango dute, Donostiarrarekin batera, denboraldiko banderarik entzutetsuena eramateko aukera datorren igandetik aurrera.

Indarra, besteren gainetik

«Gutxitan bezain lasai egon da itsasoa. Arraunerako egokia; agian zikin xamar irla aldean baina tira. Watioak behar ziren aurrera egingo bazen», adierazi du Cabo da Cruz taldeko Oscar Hermok, pozarren, helmugan bere taldea sailkatuta zegoela ikusi duenean.

«Brankaz bikain joan gara, eta gero, tira, itzuli ahal izan dugun bezala egin gara, baina barruan gaude eta igandetik aurrera, hasieran behintzat ez gara beste inor baino gutxiago», adierazi du.

Pozik handiena azaldu duten besteak, noski, zarauztarrak izan dira. «Aurkari asko genituela bagenekien, baina gure aukerak ere bagenituen. erreferentziarik gabe, gure estropada egitera joan gara eta ongi atera zaigu», adierazi du Aitzol Garro «Enbatako» patroiak. Nagore Arrutik, zarauztarren ordezkariak, bestetik, harrobiko arraunlari kopuru altuari so egin dio bere zoriona azaltzeko. «Ezin dugu estropada hau playoffekin alderatu, baina animo handia ematen du, batez ere harrobiko lan horigatik, beti 10 edo 11 harrobiko mutilekin aritzen garelako. Lan eginez emaitzak lortzen dira», esan du.

Osteguneko estropada hau nahikoa gogorra izaten da faborito diren taldeentzat. Hargatik, Juan Zunzunegui Zierbenako entrenatzaileak sustoa gainetik kendu ezinik hitzegin du Donostiako portuan. «Sartu garela dakit, eta egia esan, berdin dio aurreneko edo zazpigarren, sailkapen estropadan aurreneko postuan amaktzeak ez baitu kale hobe bat edo txanda hobe bat ziurtatzen. Iaz gure jendea larritu zen zazpigarren postuan sailkatu ginelako, eta aurten, berriz, lehenengo. Bada, hobe, baina berdin dio», bota du «galipoen» prestatzaileak.

Sailkapen saioa amaitzeko, Donostiako udaletxean beti egin ohi den txanden zozketa egin da. Ondorioz, igandean goizeko 11.00etan hasiko den aurreneko txandan Zarautz, Donostiarra, Santurtzi eta Urdaibai ariko dira, eta bigarrenean, berriz, Cabo, Orio, Hondarribia eta Zierbena.

Astillero, azken orduko baja

Bestetik, Astillero Arraun Elkarteak asteazken gauean jakinarazi zion Kontxako Banderako antolakuntzari ezin izango zuela ostegun gizonezkoen sailkatze estropadan parte hartu, covid-19rekin zerikusia duten arrazoiengatik.

Zehazki, estropadako antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Kantabriako Gobernuak Santoñako udalerria itxi du, eta Astilleroko zenbait arraunlari bertan bizi direnez, ezin izan dira handik atera Donostiara joateko.

Kontxako estropadak, sailkapenak:

1-Zierbena 19:45.18

2-Orio 19:49.06

3-Hondarribia 19:49.94

4-Santurtzi 19:58.24

5-Urdaibai 19:59.56

6-Cabo 20:06.64

7-Zarautz 20:16.94

8-Ondarroa 20:19.26

9-Ares 20:26.76

10-Isuntza 20:30.54

11-Pedreña 20:34.50

12-San Pedro 20:38.52

13-Samertolameu 20:44.46

14-Tiran 20:48.36

15-Kaiku 20:48.88

16-San Juan 21:04.78

17-Deusto 21:04.92

18-Getaria 21:10.12

19-Zumaia 21:12.92

20-Mutriku 21:38.88

21-Hibaika 22:20.52