Goizeko 11.30ak pasata, Bilboko Eliptika plaza Euskal Herriko hainbat txokoetarik etorritako jendez betetzen hasi da Igor Gonzalez Sola preso bilbotarraren heriotza salatzeko Sarek deitutako manifestazioarekin bat egiteko.
Sareren bozeramaileak eta alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak izan dira iristen lehenak, eta adierazpenak egin dituzte. «Igorren heritza inoiz gertatu behar ez zen gertakari lazgarria izan da eta gaur egungo politika penitentziarioaren bukaera berandu baino lehen iritsi behar dela erakusten du», adierazi dute Sareko Inaxio Oiarzabal eta Bego Atxa bozeramaileek.
Bertan izan da ere Maddalen Iriarte eta adierazi du EH Bilduk bat egin duela manifestazioarekin, Gonzalez Solaren familiari «babesa eta elkartasuna» adierazteko eta «mendeku eta indarkeria politika honekin amaitu behar dela» esateko. «Preso guztiak etxera itzuli ahal izateko ibilbide orria lantzen hasi behar dugu», azpimarratu du.
Arkaitz Rodriguez Sortu alderdiko idazkari nagusiak Gonzalezen heriotza «ez dela heriotza naturala izan eta saihestu zitekeela» gogorarazi du. «Heriotz horren arduradunak espainiar Gobernua eta egungo politika penitentziarioa sostengatzen duten indar politikoak izan dira», adierazi du. Bestalde, «gaur egun indarrean diraun biolentzia bakarra Estatuena dela» argi utzi du, eta biolentzia «bere ekuazio politikotik erretiratzeko hautua egitea» eskatu die espainiar eta frantziar estatuei.
ELA sindikatutik, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoak egungo espetxe politika gaitzetsi du, «presoen eskubideak urratzen jarraitzeagatik ulertzen ez delako». Era berean, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak gogorarazi du «adostasun zabalak» daudela egungo zigor politika «krudela eta ankerra» aldatzeko. Besteak beste, ESK eta Etxeraten babesa ere izan du manifestazioak.
Eliptika plazatik plaza Berrira
12.00ak pasata abiatu da manifestazioa, ‘Etxean nahi ditugu’ eta ‘salbuespen politikak hil egiten du’ irakur zitezkeen bi pankarta handi buru zirela. Haien atzetik milaka pertsona zihoazen, hiru ilaratan eta maskara jarrita koronabirus kutsatzeak ekiditeko.
Manifestazioak Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusia zeharkatu du «Euskal presoak etxera», denok batera presoak etxera», «espetxeak apurtu», «Igor gogoan zaitugu» eta «la dispersión tortura y asesina» oihuak entzuten ziren bitartean.
La manifestación convocada por Sare para denunciar la muerte del preso Igor Gonzalez Sola atraviesa la Gran Vía de Bilbo. @naiz pic.twitter.com/luIwLLkWqr
— Asier Robles (@asierrobles) September 6, 2020
Itsasadarra Areatzako zubitik igaro ostean, manifestazioa Bilboko Alde Zaharrean sartu da, eta Plaza Berrian amaitu da. Bertan, Sareko ordezkariek hartu dute hitza berriro. «Igorrek etxean behar luke, aske eta bizirik, bere zigorraren 3/4ak beteak baitzituen. Espetxe legedi arrunta ezarri eta zegozkion eskubideak errespetatuak izan balira, Igor bizirik legoke, aske eta bizirik», gogoratu dute.
Sarek indar politiko gehienek Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, Batzar Nagusietan eta Udal ugaritan eta euskal sindikalismoan «egungo espetxe politikaren erreforma sakon baten alde lortutako akordioak» azpimarratu ditu.
Era berean, instituzioetan euren babesa adierazi dutenei «egoera hau behin betikoz amaitzeko konpromisoan urrats bat gehiago emateko» eskatu diete. «Egoera hau ezin da errepikatu eta guztion ardura da» adierazi dute bozeramaileek.
Azkenik, urruntze politika amaitzea, eskatzen duten preso guztiak euskal kartzeletara eramatea, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eta graduan aurrera egitea eskatu dute berriro ere.
Elkarretaratzea Baionan
Ordu berean, ehunka lagunek parte hartu dute Artisans de la Paix-ek Baionako Espainiako kontsulatuaren aurrean deitutako elkarretaratzean ‘Kartzelan hiltzera kondenatuta?’ lelopean.
Bertan izan dira, besteak beste, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza.
Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzeko jende andana batu da Baionako espainiar kontsulatuan aitzinean https://t.co/cHC6TvFK1T pic.twitter.com/9ABB8SSyjQ
— kazeta.eus (@kazetaeus) September 6, 2020
Bake Artixauen esanetan Gonzalez Solaren heriotza «Euskal Herrian eraiki nahi den bake orokor eta iraunkorrarekin kontraesanean den espetxe-politikaren ondorioa da».
«Zoritxarrez, Frantziako ministerio antiterroristaren jarrerak, Pirinioen alde honetan ere itzulerarik ez duten gisako dramak bizitzera eramaten gaitu. Izan ere, duela bi urtetik Euskal Herriko egoera berria kontuan hartzen duten epaileek onarturiko askatze guztiak blokeatzen ditu. Zer itxoiten du gobernuak bake-prozesuari ekarpena egiteko eta gisako tentsio- dinamikak saihesteko? Gaur egun ez ditugu bere gizatasuna edo eskuzabaltasuna eskatzen, adimena eta justizia eta bake balioak baizik», adierazi du Tetx Etcheverry bozeramaileak.
Bestalde, irailaren 19rako deitu duten mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu dute.