Izan Bidea dinamikaren baitan bi hitzordu jarri ditu Sarek datorren urrirako. Hilaren 3an, Euskal Herriko 650 tontor ezagunenetara igotzeko deialdia egin zuen, «preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde».
Gaur goizean, berriz, beste mobilizazio bat iragarri du: urriaren 24an manifestazioa Donostian, salbuespen legediarekin bukatu eta konponbidearen aldeko aldarria «mundu osora zabaltzeko».
Manifestazioa Kontxako hondartzan bukatuko da eta bertan «Resolution» mezuarekin pertsonez osatutako mosaiko erraldoi bat osatuko dutela iragarri dute.
Eszenatoki horretan egin duten agerraldian azaldu dutenez, «giza eskubideen alde dauden eta salbuespeneko espetxe-politika desagerraraztea eta guk izan duguna baino etorkizun hobea lortu nahi duten guztiei» zuzenduta dagoen deialdia da.
Izan ere, gogora ekarri dute, 2011n ETAk bere jarduera armatuaren bukaera iragarri zuen, 2017an armagabetzea gauzatu zen eta 2018an bere zikloa amaitutzat jo zuen. Urte horretan bertan, ekainean, espainiar Gobernuko presidenteak espetxe-politika «sakon» aldatzeko konpromisoa hartu zuen, «euskal presoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe-politika bat ezartzeko konpromisoa».
Deitoratu dutenez, ordea, «promesa horiek promesa hutsak baino ez dira izan; ez dira gauzatu. Espetxe-politikan egin diren aldaketak oso mugatuak izan dira, eta ez dira ia nabaritu».
Gobernuak eta Estatuak beren borondatez mugitzen ez direla ikusita, Sarek mugitzera behartu nahi ditu, «indar politiko, sozial eta sindikalen laguntzarekin», hainba erakundetan egiten ari den bezala.
Urriaren 24an, azaldu dute, «salbuespen araubidearen amaiera eta euskal presoak eta iheslariak etxera itzultzeko prozesuaren hasiera» aldarrikatuko dute, «euskal gizartearen gehiengoak partekatzen duen nahia dela uste dugulako. Ozen eta argi aldarrikatu nahi dugu konponbidearen garaia dela, egoera hau mantentzeak sufrimendua sortzea eta euskal gizartearen zatiketa areagotzea baino ez duelako eragiten».
Hondartzan osatuko duten mosaikoarekin honako mezua zabaldu nahi dute, mundu osora: «Madrilgo eta Pariseko gobernuetako jaun-andreak, has zaitezke benetako neurriak hartzen egoera hau atzean uzteko. Erakutsi ezazue Gobernu aurrerakoia zaretela benetan, eta erabil ezazue gehiengo hori egoera hau aldatzeko. Egiten baduzue, gehiengo sindikal eta politikoaren babesaz gainera, euskal gizarte osoarena izango duzue. Baina egin ezazue behingoz! Gu, gizarte honen parte legez, prest gaude. Bidea elkarrekin batera egiteko garaia da; bizikidetza eta bakea lortzeko aurrera egiteko garaia, guztiok batera».