GARA
GASTEIZ

Hezkuntza arloko greba batekin hasiko du ikasturtea EAEk

Milaka ikasle eta langile daude deituta gaur, irailak 15, EAEko irakaskuntzako sindikatu guztiek (Steilas, ELA, LAB, CCOO eta UGT) antolatutako grebara, ikasgeletara itzulera «seguru» eta «adostua» bermatuko duten kontratazioak eta prebentzio neurriak eskatzeko. Deialdiak ikasturte berriko bigarren egunarekin bat egingo du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako eta Batxilergoko ikasleen kasuan. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen etapetako ikasleak joan den astean itzuli ziren ikastetxeetara. Lanbide Heziketakoak aste honetatik aurrera itzuliko dira ikasgeletara.

Azken egunetan, Iñigo Urkulluk greba deialdia berriz aztertzeko eskatu die sindikatuei. Igande gauean, ETBri eskainitako elkarrizketan, lehendakariak grebaren atzean «kritika politikoa egiteko eta gobernu berria tenkatzeko sindikatuen asmoa» dagoela adierazi zuen, eta «jarrera aldatu» eta «elkarlanean aritzeko» eskatu zien. Atzo, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian, grebak «tentsioa eta segurtasun eza» baino ez dituela ekartzen esan zuen eta, berriz ere, greba birplanteatzeko eskatu zien sindikatuei.

Greba Jokin Bildarratzek Hezkuntza sailburu kargua hartu eta astebete eskasera heldu da. Lakuako Hezkuntza sailburu berriak ez du lortu sindikatuak konbentzitzea protesta bertan behera uzteko, nahiz eta kargua hartu bezain pronto bilera sorta bat egin zuen guztiekin gaia aztertzeko. Sindikatuek Bildarratz eurekin elkartzeko prest agertu izana eskertu zuten, baina greba deialdia berretsi zuten, covid-19aren aurrean segurtasuna bermatzeko neurriak zehaztea falta dela iritzita. Protesta ikusarazteko, manifestazioak deitu dituzte gaur EAEko hiriburuetan.

Jokin Bildarratzek sindikatuen jarrera deitoratu du, grebari eusteak «hezkuntza sistemari ekarpenik» egiten ez diola eta «kaltetuenak ikasleak eta euren familiak» izango direla iritzita. Sindikatuentzat, aldiz, Hezkuntza Sailarekin egindako bilerak «berandu» iritsi dira, eta «mobilizazioak geldiarazteko saio huts bati» erantzuten diote, «benetako negoziazio prozesu eraginkor bati» baino gehiago.

Sindikatuek ikasgeletara itzulera presentziala eskatzen dute, «segurua eta adostua», eta, horretarako, besteak beste, plantillak handitu behar direla uste dute, ikastetxeak norbera babesteko ekipamenduz hornitu behar direla, ikasle ratioa murriztu behar dela, pertsonako hiru metro koadroko espazioa bermatu behar dela eta gela bakoitzeko gehienez 10-15 ikasle izan behar direla.

Gutxieneko zerbitzuak

Hezkuntza arloko azpikontratetan, garbiketa zerbitzuetan, eskola jantokietan eta eskola garraioan ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bat egin dute gaurko grebarekin. Ildo horretan, Lakuako Gobernuko Lan eta Enplegu Sailak greba egunerako gutxieneko zerbitzuen agindua publikatu zuen atzo, eta aurreko grebetan baino askoz handiagoak dira. Agindu horren arabera, garbiketako langileen %100, ikastetxe bakoitzeko koordinatzailea eta etapa bakoitzeko irakasle bat joan beharko dira gaur lanera, eta horiei Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulatutako 100 ikasleko beste bi gehituko zaizkie, bai eta Hezkuntza Bereziko irakasleen %75 ere.

Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak sinatutako aginduaren arabera. Horretarako, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten atzo: sukaldeko langileen %10 –pertsona bat baino gutxiago denean, pertsona batek egin beharko du lan–; begirale bat 2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; 4 eta 5 urteko haurren kasuan, ikastetxeko begiraleen %10; eta behar bereziak dituzten ikasleen «elikadura beharrak asetzeko», behar den gutxieneko begirale kopurua.

Aginduaren arabera, covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, txosten bat eskatu zitzaion Lakuako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari, eta, bertan jasotzen denez, «behar diren langileak izan beharko dira lanean koronabirusaren aurkako prebentzio neurriei eusteko, Hezkuntza Sailaren protokoloetan eta ikastetxeetako kontingentzia planetan aurreikusitako neurriei, alegia».

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen iritziz, ezarritako gutxieneko zerbitzuak «greba eskubidearen urraketa larria» dira. Atzo ohar baten bidez azpimarratu zutenez, gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea aztertzen ari dira. Izan ere, sindikatuek Lakuak orain arte erabilitako irizpideak aldatu egin dituela uste dute, eta, osasuna bermatzearen aitzakian, «inoiz baino zerbitzu minimo altuagoak» ezarri dituela, grebarako eskubidea urratuz. Sindikatuek kritikatu dutenez, «egunerokoan osasuna bermatzeko neurriak eta baliabideak jartzen ez dituzten bitartean», zenbait kolektibotan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte gaurko.

«Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatzeko, mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera hutsa da», salatu dute sindikatuek.