Ana Urkiza Ibaibarriaga idazle eta itzultzaile ondarroarra izango da Eusko Ikaskuntzako lehendakari berria datozen lau urteetan. Bera da lehendakarigai bakarra eta, ezustekorik ezean, larunbatean Donostian egingo duten Batzar Nagusian berretsiko dute bere hautagaitza. Hala, Eusko Ikaskuntzako lehen emakume lehendakaria izango da Ondarroako idazle eta itzultzailea.
Azken zortzi urteetan –2012tik, alegia– Iñaki Dorronsoro egon da karguan; erakundearen zortzigarren lehendakaria izango da Urkiza.
EHUn Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziatua eta UNEDeko Hizkuntzalaritzan diplomatua da ondarroarra. 2007tik Barne Komunikazio eta Formazio Departamentua eta Giza Baliabideen Zuzendaritza daramatza Bankoa Credit Agricolen.
Deustuko Unibertsitatean Komunikazioa irakasgaia hainbat etapatan emateaz gain, Euskal Idazleen Elkarteko Idazkari Kudeatzailea ere izan zen Urkiza, eta aurretik komunikazioaz arduratu zen Danobat Taldean eta Ideko Teknologia Zentroan.
Lakuako Gobernuko Euskararen Aholku Batzordeko kide da 2000. urtetik. Elhuyar Saria jaso zuen 2016. urtean, enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik.
Sortzaile gisa, Ana Urkiza ipuin, poesia, aforismo eta haur eta gazteentzako literaturako liburuen egilea da; genero biografikoa eta itzulpena ere lantzen ditu.
Kontseilu Errektorerako hautagaiak
Batzar Nagusian, lehendakariaz aparte, Kontseilu Errektoreko ordezkariak ere aukeratuko dituzte. Hauek dira hautagaiak, lurraldeka: Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kidea), Isabel Elizalde Arretxea (Nafarroatik), Zelai Nikolas Ezkurdia (Bizkaitik), Manu Olariaga Santa Cruz (Gipuzkoatik) eta Asier Etxenike Ugarte (Arabatik).
Batzar Orokorra, egungo osasun egoera dela eta, lehen aldiz egingo da aurrez aurre eta on line. Hasiera batean, sorpresa gutxi izango ditu, hautagai bakarrak baitaude hurrengo lau urteetarako aukeratuko diren sei kargu exekutiboetarako.
2020rako jarduera plana eta aurrekontua ere bozkatuko da.