Amalur ARTOLA

‘Berriro asma nazazu’, Tenporaren hirugarren geltokia

Ibilbide luzeko taldea izateko jaio zen Tenpora orain zazpi urte eta ibilbide horren hirugarren geltokia da ‘Berriro asma nazazu’ diskoa. Lehen aldiz ekoizle bat izan dute lagun, Aitor Etxebarria, eta elkarlanak euren kantuei «estetika ilunagoa» eman diela uste dute taldekideek.

Tenporaren hirugarren diskoa da ‘Berriro asma nazazu’. (Jon URBE | FOKU)
Tenporaren hirugarren diskoa da ‘Berriro asma nazazu’. (Jon URBE | FOKU)

Apirilerako amaitua behar zuen diskoak, baina itxialdiak grabazio betean harrapatu eta, azkenik, kasik udazkenarekin ikusi du argia ‘Berriro asma nazazu’, Tenporaren hirugarren diskoak. Lan berrian «azala berrituta» datozela azaldu du aurkezpenean Juantxo Zeberiok (teklatua), Tenpora «etengabe aldatzen ari diren bost musikarik» osatzen dutelako. Zeberiorekin batera, Hasier Oleagak (bateria), Itsaso Etxebestek (baxua), Beñat Barandiaranek (gitarra) eta Elene Arandiak (ahotsa) osatzen dute Tenpora.

«Musikaren estilo eta kolore aldetik garapen bat dago eta hala izatea nahi dugu, ez zaigulako errepikakorrak izatea gustatzen; musikariak bide berriak jarraitu behar ditu eta arriskuak hartu», aldarrikatu du Zeberiok eta, disko honen kasuan, taldeak hartu duen arriskua lehen aldiz ekoizle batekin lan egitea izan dela argitu du. «Aitor Etxebarria izan dugu lankide eta lagun», azaldu du.

Arandiak azaldu duenez, taldeko partaide batzuk musikalki «lotura estua» izan dute Etxebarriarekin eta proga egin nahi izan dute. Hala, diskoa Azkaraten grabatu badute ere, zenbait zati Etxebarriaren estudioan bertan grabatu dituzte, eta taldekideez gainera, beste zenbait musikariren partaidetza ere izan dute diskoa osatzeko, tartean Xendarineko Ahizpak (ahotsa), Ruben Salvador (tronpeta), Gonzalo Fernandez de Larrinoa (tronboia) edo Et Incarnatus hari hirukotea. Zentzu horretan, Arandiak nabarmendu du Tenpora-ren kantuetan harizko instrumentuak entzuten diren lehen aldia dela.

«Adituek diote Tenporak sortzen dituela kantuak jazz eta pop-ean oinarrituta, baina ez gaude horrekin erabat ados», aipatu du Arandiak, eta disko berrian kantu batzuek rock progresiboaren edota folkyaren kutsua badutela nabarmendu du. Zeberiok gaineratu du aurreko lanetan «soinua argiagoa» zen bezala ‘Berriro asma nazazu’-n, Etxebarriaren laguntzaz, «estetika ilunagoetan» mugitu direla. «Hala ere, Tenporak betiko Tenpora izaten jarraitzen du –jarri du azpimarra–, segitzen du sugearen azalarekin, nahiz eta azala aldatu».

Cano, Linazasoro eta Bilbaoren hitzak

Hitzak osatzerako garaian, taldekideek, aurreko diskoetan bezala, ohiko kolaboratzaile dituzten Harkaitz Cano eta Karlos Linazasororen testuak baliatu dituzte, «lagun eta idazle bezala estimu handian ditugulako», Zeberioren hitzetan, eta, lehen aldiz, beste bi kantu Leire Bilbaok egin dizkiela esan du. Horietan, Tenporaren «betiko gaiak» jorratzen direla argitu du Zeberiok, tartean giza existentzia eta maitasuna, baina, adibidez, Lesbos-eko kanpalekuaren gaineko kantu bat ere badagoela azaldu du. «Taldekoon kezkak islatzen dituzte kantuek», zehaztu du.

Udaberritik «geldirik» egon ostean, abuztuan hiru kontzertu eskaini ditu Tenporak, eta gustura azaldu dira taldekideak, «sentsazioak oso positiboak» izan direla eta. «Kulturak balioak mahai-gainean jartzeko balio du eta entzuleak eskubidea du ate horiek irekitzeko, antzerki eta kontzertuetara joateko, ondo pasatzeko eta espiritu kritikoa garatzeko», aldarrikatu du Zeberiok.

Zentzu horretan, segurtasun neurriei begira, eman dituzten kontzertuetakoak «seguruen sentitu garen mementuak» izan direla ziurtatu du eta administrazio publikoei dei egin die, ekitaldi kulturalak programa ditzaten, «bestela betiko konfinatuko garelako, eta kalte handia litzateke».

Momentuz, beste bi hitzordu ditu Tenporak datozen asteetarako. Urriaren 9an Tolosako Leidorren izango dira, eta 16an Zarauzko Modelon.