Idoia ERASO
Interview
Josu Martinez eta Txaber Larreategi
‘Caminho longe’ filmeko zuzendariak

«Filma grabatzean bi hipotesi genituen, Alfonsorekin Euskal Herrira heltzea, edo Parisen atxilotua izatea»

Zinemaldiko Zinemira atalean hautatu duten Josu Martinez eta Txaber Larreategiren ‘Caminho longe’ dokumentalean Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak eta bere bikotekidea den Kristiane Etxaluzek Sao Tomen 33 urteko deportazioa ezagutu eta gero, Euskal Herrira itzultzeko egiten duten bidaia kontatzen da. 

 Hibai Castro, Kristiane Etxaluz, Alfonso Etxegarai, Josu Martinez eta Txaber Larreategi Sao Tomen. (NAIZ)
Hibai Castro, Kristiane Etxaluz, Alfonso Etxegarai, Josu Martinez eta Txaber Larreategi Sao Tomen. (NAIZ)

Josu Martinez eta Txaber Larreategik duela hamar urte grabatu zuten ‘Sagarren denbora’ dokumentalaren jarraipen gisara aurkeztu daiteke obra. Hiru hamarkada baino gehiago luzatu zen deportazio horretan Alfonso Etxegaraik bikotekide izan zuen Kristiane Etxaluzekin batera protagonismoa partekatu dute, bai 2010ean egin zen dokumentalean, baita film berri honetan ere.

2019an grabatu zuten obra, egileek Etxegarai eta Etxaluz Euskal Herrira bueltatuko zirela jakin zutenean, etxetik 7.000 kilometrotara zegoen bikotekidearen istorioari jarraipena eman nahi izan zioten. Zinemaldiko Zinemira atalean hautatua izan da, eta astearte honetan aurkeztuko dute egileek, emanaldi horretara joateko aukera izango ez dutenentzat asteazken eta ostegunean ere eskainiko da filma.

Txaber Larreategi zuzendariak «deportazioak bizitza markatu duen bikote batek egoera horren amaiera nola bizi duen» erakusten duen dokumental gisara aurkeztu du ‘Caminho longe’. Obraren funtsa, eta izenburuaren arrazoia horrela azaldu ditu zuzendaria ere baden Josu Martinezek: «Alfonsok berak, ez du maite hitz egitea itzulera bati buruz, bidaia bati buruz baizik. Itzulera ez da toki berdinera, beste garai batera joatea delako, eta zentzu horretan bidaia bat da, baita geografikoki ere». Euskal Herritik 7.000 kilometrotara bizi eta gero Euskal Herrira itzultzeko azken egunetako prestaketa, bidaia eta Zuberoara ailegatzea ikusten dira filmean, bidaia emozionala eta bizipen pertsonalak agerraraziz.

Hiru hamarkada Sao Tomen bizi ondoren, deportazioari amaiera emango zion bidaia luzea negoziaziorik gabe egitea deliberatu zuten Etxegaraik eta Etxaluzek. Bidaia ziurgabetasunean egiteak sorrarazten duen ezinegona obrako hari nagusietako bat dela jakinarazi du Martinezek: «Bi hipotesi genituen, Alfonsorekin Domintxainera heltzea edo Parisen atxilotua izatea. Nahiz eta logikak helduko zela esaten zuen, beste aukera ere beti hor zegoen, eta urduritasuna izan genuen, bereziki beraiengatik: oso urduri zeuden, momentu zailak ziren eta errespetuz saiatu ginen ahal zen neurrian laguntzen».

Bidaiak gatazkaren konponbidea ematen ari den moduarekin bat egiten duela baieztatu du Larreategik. Etxegarairen deportazioaren berri ematen duen duela hamar urteko “Sagarren denbora” dokumentalean esandakoa gogora ekarri du horretarako: «Kristianek esaten zuen beraientzako ez zela konponbiderik egongo Euskal Herria konponbiderako bidean sartzen ez zen bitartean. Baina azkenean ez da bide orokor hori izan, asimetrikoa izan da, eta bakoitzak bere bidea egin du. Ez dago deportazioari amaiera emateko modu orokor bat».

Filmean bidaia intimoaren kontakizuna gailentzeko hautua egin dutela nabarmendu du Martinezek: «Testuinguru politikoa pelikula osoan bigarren plano batean agertzen da, edo istorioaren sostengatzaile eta testuinguru bezala»

Emozionalki zaila den egoera horretan filmatzeak suposatu zuena gogoratu du Larreategik: «Kristiane eta Alfonsorentzat bidaia oso garrantzitsua zen, asko jokatzen zuten, eta egoera horretan kamera batekin joateak atentzioa ematen du». Ildo horretan, honakoa gaineratu du: «Bageneukan bentaja bat, orain dela hamar urteko esperientziaren ondoren bazegoen konfiantza, eta horrek egin zuen posible hain egoera berezietan, hain momentu intimoak hain hurbiletik grabatzeko. Egia esan oso eskuzabalak izan dira».

Zuzendariek hautatutako obraren estetika eta estiloak bildutako imajina horiekin egiten du bat Larreategiren esanetan: «Hasieran zalantza genuen, ea noraino ahalko ginen sartu. Egin genuen apustua naturaltasunez egunerokoa grabatzeko. ‘Sagarren denbora’ eta ’Caminho longe’n kontatzen denaz aparte, estetikoki eta narratiboki proposamena bestelakoa da. Oraingoan momentua harrapatzea, eta errealista naturalista izatea nahi genuen. Eta egia da, momentu bereziak jaso ditugula, errepikaezinak».  

Martinezek bizitakoa gogoratu du: «Egoerak beraiekin bizitzen genituen, unean berean; sentimendu eta pertsonaien pelikula bat da. Humanoki uler daitekeen esperientzia da: bikote batek nola aurre egiten dion horrelako egoera bati elkarrekin. Beraien arteko harremanak, beldurrak, ametsak, eztabaidak... agertzen dira. Eta gu nolabait erdian geunden, batzuetan ahazten zuten hor geundela, eta, besteetan, denaren errua botatzen ziguten. Horrek balio zien zerbaitetan ados egoteko!».

Bizipenok duten unibertsaltasuna ere nabarmendu du Martinezek: «Gatazkaren testuinguruan kokatuta militantzian buru-belarri sartuta egon diren bi pertsonaren kontakizuna da, baina, aldi berean, militante politiko baten itzulerak izan ditzake gauza komun asko hemen, Uruguain edo Palestinan».

Filma gauzatu ahal izateko crowfunding kanpaina arrakastatsua egin zuten 2019an, eta «horri esker lortu dugu oso diru gutxirekin proiektua aurrera ateratzea baldintza duinetan» azaldu du Martinezek. Hori dela eta, Zinemaldiko estreinaldiaren ondoren, ekarpena egin zuten guztienetzako aurkezpenak egingo dituzte, eta asmoa urtarrilean zinema aretoetan izatea da. Hirugarren atal baten aukerari  buruz galdetuta, Martinezek erantzun du: «Film hau egitea erabaki genuen aurrekoa egin eta bederatzi urtera. Beraz, galdetu bederatzi urte barru!».