Amalur ARTOLA

‘Nosotros nunca moriremos’, doluaren lehen fasea: onarpena

Semearen ustekabeko heriotzari aurre egin beharko dion amaren bizipenak dakarzkigu Eduardo Crespok Sail Ofizialean aurkeztu duen ‘Nosotros nunca moriremos’ filman. Doluaren lehen faseaz, gertatu dena ulertu eta barneratzeaz, hausnartzen du filmak.

Filmean parte hartu duten hainbat lagun, Kursaaleko photocallean. (Gorka RUBIO| FOKU)
Filmean parte hartu duten hainbat lagun, Kursaaleko photocallean. (Gorka RUBIO| FOKU)

Argentinako herri txiki bateko nezakal-gune batean 22 urteko gazte bat aurkitu dute hilik. Heriotzaren nondik-norakoak ez daude argi, gorpuak ez du indarkeria fisikoaren aztarnarik, eta haren bila joan diren ama eta anai gazteak hilberriaren pausoak jarraituko dituzte ustekabeko heriotza hori ulertzeko saiakeran. Trama horren bueltan eraiki du Eduardo Crespo argentinarrak ‘Nosotros nunca moriremos’, estreinakoz Sail Ofizialaren barruan aurkeztu duen pelikula.

Kontakizunean zehar, albistea jaso berriaren shock-a gorputzean daraman amaren irudiak hartzen du nagusitasuna. Eszenaz eszena, semeak lan egiten zuen golf-zelaiera edota lankide eta neska-lagunaren bizilekuetara egiten dituen bisitetan lagunduko dio ikusleak, amarekin batera, doluaren lehen fase horren partaide bilakatzeraino. Filma ere lehen fase horrekin, onarpenarenarekin, amaituko da. Anai gazteak, bere aldetik, amaren bidelagun papera jokatuko du, bere buruari ‘heriotzaren misterioa’-gatik galdetzen dion artean.

Emanaldiaren ostean prentsaurrean mintzatu dira Crespo bera eta filmean parte hartu duten zenbait antzezle eta ekoizle. Zuzendariak pelikula hau buruan «aspaldidanik» zeramala esan du, bere jaioterrian –Crespo izenekoa hura ere– filmatu eta bere aitaren heriotzak utzitako mina bilduko zuen lana osatu nahi zuela. «Herri txiki batean heriotza eta dolua egiten den moduaz hitz egin nahi nuen, baita pertsona gazte baten heriotzak uzten duen minaz ere, sortzen den giro ilunaz. Nola bidaiatzen duen min horrek amarekin, bera baita kaltetu nagusia, eta nola behartzen duen kasu honetan anaia haurtzaroko inozentzia bazterrean uztera», esan du.

Romina Escobar da amaren larruan sartu dena. Emakumeak «maitatu eta miretsi» egiten dituela esan du Escobarrek eta semea gazterik hil zaien hainbat lagun badituenez pelikula hau «haiekiko errespetu osoz» egin nahi izan duela nabarmendu du. Filmean zehar, emozioei eusten ageri da ama, gertatu dena sinetsi nahirik batetik, bizirik duen semearekiko arduraz bestetik. «Eduardoren begiak, pertsonaiaz zuen ikuspegiak zerikusi asko izan du interpretatzeko moduetan, keinu txiki horiek, ia antzeman ezin direnak osatzerako orduan. Min horri eusten ari da, ezin du askatu, ez dio bere beste semeari energia horri pasa nahi», azaldu du Escobar-ek, eta zuzendariari papera eman izana eskertu dio. «Nik trans pertsonaiak egin izan ditut, beti prostituta, ile-apaintzailea… halako paperetarako deitzen naute… zineman hala kontatu gaituzte. Ondo legoke paper horietarako deitzen digutenek bestelako filmak egiten dituztenean ere deitzea», aldarrikatu du. «Bada garaia benetako aniztasunean bizitzeko», gaineratu du Crespok.

Laguntaldea, lantalde baino gehiago

Lantalde bat baino gehiago, pelikulan parte hartu dutenak, ekoizleetatik hasi eta antzezleetaraino, lagunak dituela aitortu du Crespok. Horren adibide, prentsaurrean mahaian jezarrita zeuden guztiek hartu zutela parte Santiago Lozaren ‘Breve historia del planeta verde’ filmean. Lozak berak gidoia osatu du Cresporekin batera: «Urte asko dira elkar ezagutzen dugunetik, nik bere filmeetan hartu dut parte eta berak nireetan. Behar handia zuen bere jatorriaz mintzatzeko, bere galerez, herrietako isiltasunaz eta isiltasun horiek eraikuntzaz», azaldu du Lozak.

Hitza bere eginda, Crespok lantaldearen garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Antzezleei, lantalde teknikoari, denei euren espazioa eman nahi izan diet, zinemaren industrian lan egiten dena baino askoz era horizontalagoan lan egin. Pelikulan hori atzeman zedila ere inportantea zen niretzat. Horregatik hautatu nuen Romina ere, berak duen energia positibo hori nahi nuen bidaide denontzat. Lagunekin lan egiteak filmeek beste pultsu bat izatea dakarte», adierazi du, hunkituta.

Bide beretik, Romina Escobar kenduta, gainerakoak ez direla antzezle profesionalak esan du, filmean naturaltasun hori nahi zuelako. Eta gidoia ere naturaltasun horren arabera, bere herritarrek kontatzen zietenaren arabera moldatzen joan direla ere nabarmendu dute.

Azkenik, pandemia garaian zinemak bizi duen egoera ere izan du hizpide Crespok. Argentinan zinemak itxita daudela esan du, baina krisia atzetik datorrela, «baita aurreko gobernutik ere. Orain geldirik gaude, baina argentinarra egokitzen dakien gizartea da eta aterako gara». Zinemaldira etortzeak ekarri dien «pozaz» ere jardun da: «Guk erabat babesten dugu Rebordinosek dioena, itzuli egin behar da zinema-aretoetara, beldurra galdu behar zaio itzulera horri, taberna batera joatea baino arrisku gutxiago duelako, besteak beste. ‘Normaltasuna’ itzultzean areto asko itxita topatuko ditugu eta ezingo da atzera egin. Filmak zinema-aretoetan ikusteko egiten ditugu guk. Egoera horretan, hemen eserita egotea, zinema argentinarreko filma bat aurkezten, kasik zientzia-fikzioa da guretzat», eskertu du.