Amalur ARTOLA

‘Wuhai’, zorren hondorainoko bidaia itogarria

Bizitza hobeago bat erdietsi nahian zorretan leporaino murgiltzen den gizon gaztea da ‘Wuhai’, Zhou Ziyang txinatarrak Sail Ofizialean aurkeztu duen filmeko protagonista. Zorretan oina zenbat eta gehiago hondoratu, orduan eta handiagoak izango dira galera pertsonalak.

Zhou Ziyang txinatarraren bigarren film luzea da ‘Wuhai’. (NAIZ)
Zhou Ziyang txinatarraren bigarren film luzea da ‘Wuhai’. (NAIZ)

Bere bigarren film luzearekin sartu da Zhou Ziyang Urrezko Maskorraren lehian. Itxuraz zoriontsua dirudien bikote ezkonberria aurkezten digu ‘Wuhai’-k, baina senarrak bizitza hobea erdiesteko ahaleginean sortu dituen zorrek eragingo dute zoriontasun horren gainbehera.

Bera jatorri xehekoa da, baina baliabideak dituen familiakoa du emaztea eta, maila hori emateko presioak gaina hartuta, zor batek bestera gidatuko du, pilota handiegia egin eta zorrek irteerarik gabeko bidegurutzera gidatzen duten arte. Filmean zehar, gauzak egoki egiteko ahalegina egiten duen gizona erakusten digu zuzendari txinatarrak, zorrak kitatu eta bizitza berregiten sutsu ahaleginduko dena, baina nahiarekin soilik beti ez dela nahikoa gogoraraziko digu. Gizakiak hondoa jotzen duenean ekintzarik krudelenak egiteko gauza izan daitekeela erakutsiko dio ikusleari.

Senar-emazteen arteko harremanean eragin nabarmena izango dute zorrek, elkarri informazioa ezkutatu eta biolentzia fisikora heltzeraino. Horren inguruan mintzatu da Ziyang prentsaurrean. «Eszena hori ez genuen hasieratik grabatu, 5-6 ordu eman genituen nola izatea nahi genuen entseatzen. Eszena hau, borrokarena, filmeko garrantzitsuenetakoa da, eta mozketarik gabe egin nahi nuen, pertsonaiaren sentipen oro argi ikus zedin. Hainbatetan filmatu behar izan genuen, nahi genuen emaitza lortzeko», ziurtatu du. Zentzu horretan, pelikulan «emozioak, familia, arazo sozialak eta giza izaera» landu nahi izan dituela nabarmendu du.

Filma lur lehorrean zuloak egin eta arrainak ateratzen dituen talde batekin hasten da. Eszena horren inguruan, Ziyang-ek argitu du berak aspaldian ikusitako dokumental baten zati bat dela. «Lauzpabost urte ingurune lehorrean egon eta gero, ura bota eta berriro bizitzara itzultzen ziren. Afrikako herrialde batean zen. Ideia hori gustatu egin zitzaidan, eta filmera ekarri nahi izan dut».

Huang Xuan da zorretan leporaino sartu den protagonistaren larruan sartzen dena. Bere pertsonaiak jasaten duen presioa izan du hizpide: «Gidoia irakurri nuenean ez nuen ezer berezirik sentitu, muturreko pertsonaia zela besterik ez. Filmatzen hasi ginenean ohartu nintzen jasan behar zuen presioaz, pertsonalki ere eragin zidan, filmaketan zehar zuzendariarekin hainbat eztabaida izateraino», aitortu du. Presio horren inguruan ere mintzatu da zuzendari txinatarra. Bere hitzetan, «bihotz oneko pertsona bat, gizarteak eraginda, gauza bortitzenak egitera iritsi daiteke. Hori da nabarmendu nahi izan dudana, presio sozialak noraino eragin gaitzakeen».

Itsaso beltza

Filmean ez da argi azaltzen pelikularen izenburuaren jatorria. Ziyang-ek azaldu duenez, literalki ‘itsaso beltza’ esan nahi du eta Mongoliako gune baten izena da. «Leku fisiko bat da. Giza izaera ere iluna da, eta itsaso bat ere bada, zailtasunez betea dagoena», esan du zuzendariak. Lokalizazioa «duen izaera magikoagatik» hautatu zuela esan du, «desertua, itsasoa, hiria… dena nuen bertan». «Bertan filmatzea ez zen erraza izan, haizeak gogor jotzen du eta zenbaitetan zutik mantentzeko ere lanak izaten genituen», gaineratu du ekoizleetako batek.

Dinosauroen irudiak ere badu lekurik filmean. Protagonistaren porrotetako bat sortu nahi zuen dinosauro-parke bat da, eta irudi hori etengabe errepikatuko da filmean zehar –bideokonferentzian bertan, zuzendaria eta aktore nagusia dinosauroz inguraturik agertu dira–. «Dinosauroak super-errealismoa deitzen dudanaren zati dira. Ilargia eta desertua bezala. Protagonista dinosauro-parkera joaten ikusten dugunean muturreko egoeran dago, eta hori irudikatzen dute dinosauroek, edozer gerta daitekeela, muturreko errealismo hori».

Gizarte txinatarrak filma «onartu» egin duela esan du zuzendariak, «indarra duen filma dela» iritzi duela. Alde horretatik, ekoizleek pelikula aurrera eramateko prozesua izan dute hizpide. Finantzaketarako ez dutela aparteko arazorik esan dute, zuzendariaren «aurreko lanen kalitateak» bermatu duela finantzaketa.

Bide horretatik, bere filmeetan diruak duen presentziaz aritu da zuzendaria. «Nire filmeetan irudikatu nahi dudana globalismoa da, garapen ekonomikoak nola kaltetu duen gizartea, pertsonak, gauza materialak lortzeko nahi horrek nola eragin digun. Sistema horri kritika egin nahi diot», argudiatu du.