NAIZ

EAEko hezkuntzako sindikatuek ikasturte segurua eta adostua eskatu dute berriro hiriburuetan

Milaka langile, familia eta ikasle kalera atera dira EAEko hiru hiriburuetan Lakuari ikastaro segurua eta adostua eskatzeko. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek urriaren 7ko bileran euren eskaerei erantzuten dioten planteamenduak mahai gainean jartzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari.

 EAEko Hezkuntzako sindikatuen mobilizazioa Donostian. (Jon URBE/FOKU).
EAEko Hezkuntzako sindikatuen mobilizazioa Donostian. (Jon URBE/FOKU).

EAEko Hezkuntza komunitatea kalera atera da beste behin Lakuako Gobernuari ikasturte segurua eta adostua eskatzeko. Milaka langilek, familiak eta ikaslek bat egin dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioekin, eta 18.00etan abiatu dira Jesusen Bihotzetik (Bilbo), Alderdi ederretik (Donostia) eta Bilbo Plazatik (Gasteiz).

Hezkuntza arloko sindikatuek gogorarazi dute maiatzetik ari direla Hezkuntza Sailari negoziazio bideak martxan jartzeko eskatzen, «plangintza bat eta ikasturte honetarako beharrezkoak diren baliabide gehigarriak adosteko». Hala ere, Hezkuntza Sailak ez duela «pausorik eman» eta «pandemiaren kudeaketan porrot handia» egin duela salatu dute.

Horren ondorioz, hezkuntza-komunitateak mobilizazio ugari egin ditu ikasturte hasieratik, hala nola irailaren 15ean egin zuten greba. Sindikatuen arabera, protesta horiek direla eta, Hezkuntza Sailak bilera bat deitu du sindikatu guztiekin datorren asteazkenean, urriaren 7an.

Bilera horren aurrean sindikatuek «egoerak eskatzen dituen planifikazio integral eta irizpide komunak zein beharrezko baliabide gehigarriak negoziatzeko prest eta langileon ordezkariak mahai gainean jarri ditugun eskaerei erantzungo dioten planteamenduekin agertu dadila», eskatu diote Lakuari.

«Hezkuntza Sailak premiaz hartu behar du bere gain dagokion erantzukizuna, eta gure eskoletan osasuna eta hezkuntza bermatuko duten neurriak eta baliabideak planifikatu eta ikastetxeetara eraman behar ditu, adostasunez», azpimarratu dute.

«Kontratazio prekarioak»

Gainera, sindikatuek salatu dutenez, azken egunotan Lakuak «aldebakarreko» erabakiak hartzen jarraitu du, «sukaldea eta garbiketa bezalako sektoreetan langileen ordezkariekin negoziatu gabeko kontratazio prekarioak eginez».

«Sektore horietan, berriz ere inprobisazioak gidatuta, eraginkortasun oso mugatuko eta plangintza zehatz bati erantzuten ez dioten errefortzu-kontratazioak egin dira, langile horien prekarizazioan sakontzen duten lau hilabeteko kontratuekin», mahaigaineratu dute.