Arnaitz Gorriti

Arnasa sakon hartzeko garaipena lortu du Bilbao Basketek Obradoiroren aurka (99-81)

Zazpi jokalari bizkaitarrek 10 puntu edo gehiago lortu dituzte, eta bigarren laurdenaz geroztik nagusi izan dira Alex Mumbruren gizonak, denboraldiko aurreneko garaipena erdietsiz.

Lude Hakanson Bilbao Basketen garaipenaren giltzarrietako bat izan da. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Lude Hakanson Bilbao Basketen garaipenaren giltzarrietako bat izan da. (Aritz LOIOLA / FOKU)

RETABET BILBAO BASKET 99 - MONBUS OBRADOIRO 81

Laugarrenean, txapeldun! Hiru porrot segidan nozitu ondoren, RETAbet Bilbao Basketek estraineko garaipena erdietsi du Obradoiroren aurka, zeinak orain arte bere hiru partidak irabazi dituen. Bigarren laurdenaz geroztik aurretik izan dira Alex Mumbruk zuzentzen dituen gizonak, baina egiari zor, azken laurdenaren aurreneko minutetan erabaki dute demaren zoria beltzezko gizonek. Lude Hakanson eta Kingsley Moses ordezkoek sekulako lana egin dute eta 11-3ko partzial batekin garaipenaren bidea asko erraztu dute. Azken minutuan jokatzeko titularrak sartu direlarik, bilbotarrek ez dute hondatu aurrez egindako lan bikaina eta hala, kezkaz betetatu astea pasa ondoren, arnasa sakon hartzeko moduko emaitza erdietsi dute.

Hasteko eta bat, zazpi jokalarik 10 puntu edo gehiago saskiratu dituzte: Kulboka, Jaylon Brown, Zyskowski, Hakanson, Balvin, Rouselle eta Mosesek. Bestetik, harrapaturiko errebote kopurua ia bikoitza izan da –39-20–, eta talde galiziarrari 17 baloi galdu arazi dizkio. Azkenean, eta hori izan da garrantzitsuena, Obradoirok ezarri dituen amarru eta arazo guztien gainetik geratzea lortu du talde bilbotarrak, garaipen eroso bat erdiesteko.

Hotzetik epelerantz

Partida hasiera baino lehen, lanak bilbotarrentzat, Quentin Serron jokatu ezinik geratu baita, astean zehar izan dituen arazo fisikoen erruz. Aldiz, Ondrej Balvin hasierko bostekoan jarri du alex Mumbru entrenatzaileak, nahiz eta min hartuta pasa duen astea. Txekiarrak Aaron Jonesekin batera barruko joko indartsu askoa osatu du aurreneko minutuei begira.

Hain justu, bizkaitarren minutu eskasenak izan dira horiek, baina ez barruko jokalarien indar gabezia dela-eta. Hasteko, Jonathan Rouselle antolatzailea bere onetik at aritu da, bai epaileekin sesioan nola berak egiten dakien jokoa egin ezinik. Hori gutxi ez eta, Obradoirok aldea hartu du Cezarapowicen bitartez hiruko pare bat kateatu ostean. Alabaina, Rousellen lekuan Hakkanson aterata gauza asko konpondu ditu Bilbao Basketen entrenatzaileak. Hori ez ezik, Tomeu Rigo sartzeak ere mila mesede egin dio talde bizkaitarrari, beltzezko gizonen aurreneko hirukoa ere sartu baitu. Hala, nahiz eta uneoro atzetik joan, Bilbao Basket Obradoirorengandik gertu geratu da lehenengo laurdenaren amaieran: 19-22.

Baina hori ez da nahikoa izan, eta bigarren laurdena hasteaz bat, aurrea hartu du etxeko taldeak. Jaylon Brown eta Rigo, batetik, Alex Reyes eta Arnoldas Kulboka bestetik, 28-12ko partziala lortu du talde bilbotarrak lortu du eta atsedenaldira 47-34 aurretik iristea lortu du. Hasteko, Albert Oliver «aitona» itotzea lortu dute bizkaitarrek, eta Oliverri pentsatzeko astirik eman ezean, Obradoirok bere maila asko jaisten du. Bestetik, bigarren laurdenean bost hiruko gauzatu dituzte Mumbruren gizonek, eta «bainarik» egotekotan, Beliauskas arerioen hegalekoa libreegi aritu ote den eta bizkiatarrek 9 baloi galdu dituztela 20 minutuan. 

Arazoei aurre eginez

Hirukoz hiruko, aldeak murriztu ditu Obradoirok hirugarren laurdenean, nahiz eta zatiaren hasieran 52-34 aurreratu den Bilbao Basket, Zyskowski hegaleko poloniarraren minuturik onenetan. Baina, esan bezala, Pepe Pozas eta Czerapowicz elkartuta hurbiltzen hasi da talde galiziarra eta 60-54 jarri denean bilbotarren aulkia urduritzen hasi da.

Zorionez, Kingsley Moses eta Rouselle argi ibili dira eta 7-2ko partziala lortu dute minutu eta erdian. Cohenek eta Mosesek bina puntu lortu ostean, azken laurdenera markagailua 69-60 dela iritsi da partida.

Kulbokaren hiruko batekin hasi da laugarren zatia, eta defentsa on bat burutu ostean, Kingley Mosesek 74-60koa sartu du. Nigeriako pibotak lan aparta egin du minutu horietan, baina kontua ez da hori izan bakarrik; izan ere, Lude Hakanson antolatzaile suediarrak sekulako lana burutu du laugarren laurdeneko aurreneko minutuetan. Hala, kontuan hartuta aipatu bi jokalariak ordezkoak direla taldearen hierarkian, titularrak atseden hartzen izan diren denboran behin eta betiko hanka egin dute bilbotarrek. Behin 80-63 aurreratu ostean, 11-3ko partzial bat osatuta, Obradoirok hutsartea eskatu du, baina garaipena Bilbotik ateratzeko ia itxaropenik gabe.

Balvin, Rouselle eta Zyskowski azken minutu horietan nabarmendu dira. Galiziarrei azken orduan sustorik ematen utzi gabe, aldea 20 puntuz goitik zabaltzea erdietsi dute Mumbrurenek, nahiz eta 18 puntukoa izan den azken aldea.