Pentsa zitekeenaren aurka, badirudi azken asteetan pilotaren inguruan egondako liskar eta zarata guztiak kalte gehiego egin die Aspeko pilotariei Baikokoei baino eta, ia 10 hilabete irauten ari den Binakako txapelketan euren partidarik onena jokatuta, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxeak finalerako lehen txartela eskuratu dute, Ezkurdia-Martijari Astelenan 22-13 irabazita.
Ibilbide nahasi honetan gaur arteko bi bikoteen ibilbideak erabat antagonikoak izan diren arren, benetako ordua heldu denean, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea euren punturik onenean heldu dira partida erabakigarrira, bereziki atzelaria. Oso fresko, eta pilota bi eskuetatik bizi irten zaio Zaratamokoari, hainbeste denbora atzean jokatu gabe izan zitzakeen zalantzak erabat uxatuz. Sotamanoarekin min handia egin dio Martijari, ez dio kantxan eroso egoten utzi eta pilota bakar bat ere ez du galdu.
Aurrean ere, Aimar Olaizola bere lekua aurkitu ezinik ibili den Joseba Ezkurdia baino askoz gehiago izan da. Normalean lan handiak ematen dizkio arbizuarrak Goizuetakoari hanketara jokatuz, baina gaur ez du angeluak bilatzen jakin, ezker gantxoak ere ez dio funtzionatu eta beteranoak ez du barkatu. Gainera, publikotik sakea egitera joan den bakoitzean jasotako txistuek motibatu egin omen dute eta partida borobila jokatu du beste behin.
Hasier-hasieratik hartu dute gorriek agintea markagailuan, 4-0 eta 8-1 eta hortik aurrera ezinean aritu dira nafarrak.
Berrien zain
Emaitza honekin, 2016ko txapeldunak finalerako sailkatuta daude eta finalerako bigarren txartela igandean Tolosan Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisuk jokatu beharreko partidatik irten beharko luke. Lehia hori, ordea, gaur gaurkoz kolokan legoke, Baikoko pilotari multzoak egun horretarako greba deitua baitu. Ostegunean Joserra Garaik bihar pilotariekin bilera bat izatekoa dela esan bazuen ere, kolektiboko pilotariek ez dute, oraintxe bertan, bilera horretarako ordu eta lekurik eta ez dirudi gauzak konpontzeko bidean daudenik.