Nafarroan ez du etenik covid-19aren zartadak. Azken orduetan sei heriotza gehiago eragin dituela jakinarazi du Nafar Gobernuak (guztiak astelehenean izan ziren zehaztu gabe). Lau emakumezkoak ziren, 51, 81, 89 eta 94 urtekoak. Eta bi gizonezkoak, 86 eta 87 urtekoak.
Positibo berrien kopurua 300dik jeitsi da berriz, baina oraindik altu-altua izan da astelehenean: 272. 2.089 PCR egin direla kontuan hartzen baduzu, positibitate-tasa ere kezkagarria da, %13koa hain zuzen ere.
Hamazazpi lagun ospitaleratu behar izan dituzte Nafarroan egun honetan, baina erietxeetako egoera kontrolpean dela berretsi du Santos Indurain buru duen sailak.
Gorabeherarik ez, bitartean, asteartean EAEko Osasun Sailak atzemandako datuetan. Pandemiak ez du itzaltzeko norabiderik hartzen baina duela aste batzuetako goranzko joera nabarmen murriztu du.
336 kasu berri detektatu dira azken 24 ordu hauetan, 7.424 PCR egin ondoren (%4,6ko positibitate-tasa beraz). Hauen arteko banaketa ohikoa da: 168 Bizkaian, 112 Gipuzkoan, 52 Araban eta 4 EAEtik kanpo bizi direnak. Nabarmentzeko da Araban ia kasu berri guztiak Gasteizen aurkitu direla: 48 hain zuzen ere.
Egonkor dago ere erietxeetara doazen lagunen kopurua, bai eta ZBUetan artatutakoena ere: 33 ospitaleratu dituzte astelehenean (askoz gutxiago izan ziren bezperan, baina igandea zela kontuan hartzekoa da) eta 56 daude gaur egun Zainketa Berezietako unitateetan.
Honekin 0,95ekoa da birusaren hedatze tasa, 1etatik oso gertu beraz, ez atzera ez aurrera, itxuraz.
Hiru hildako Araba, Gipuzko eta Nafarroako egoitzetan
Arabako egoitza bateko erabiltzaile bat zendu da azken orduetan; beraz, 15 pertsona hil dira guztira koronabirusen pandemiaren bigarren olatuan herrialde horretako egoitzetan.
Hildako pertsona Gasteizko Agure Arkaiate adineko pertsonentzako etxebizitza komunitario pribatuaren erabiltzailea zen. 90 urte zituen eta ospitalean zegoela zendu da, Aldundiak jakitera eman duenez.
Orain arte, Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 60 kasu aktibo daude Arabako egoitzetan, eta beste 82 pertsona sendatu dira gaixotasunetik pandemiaren bigarren etapan. Gainera, 45 langile bajan daude.
Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan, Donostiako Alai-Etxe zentroko erabiltzaile bat zendu da eta joan den astean detektatutako kasuen ostean, Alai-Etxen egiten ari diren PCR probek bi kasu positibo atzeman dituzte. Orain 63 kasu daude Gipuzkoako egoitzen erabiltzaileen artean.
Azkoiengo egoitzan egoera larria
Nafarroan, Azkoiengo egoitzan pertsona bat hil da eta beste 17 positibo atzeman dituzte, Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez. Egoera larria da egoitza horretan, izan ere 52 erabiltzaileetatik 49 covid-19ak kutsatuta daude. Gainera, bederatzi langile bajan daude arrazoi berberagatik.