NAIZ

Donostiako Metroaren obrak behin betiko gelditzeko manifestazioa deitu du Satorralaiak

Donostiako Metroaren inguruan azaleratu diren azken arazoak direla eta, egitasmoa honek ez duela zentzurik berresten dutela eta, berez, lanak behin betiko geldi ditzaten eskatzeko manifestazioa deitu du Satorralaiak azaroaren 14rako.

Zubieta kalean Metroaren lanak. Tunelaren zati bat hondoratu zen bertan ekainean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zubieta kalean Metroaren lanak. Tunelaren zati bat hondoratu zen bertan ekainean. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Donostiako Metroaren lurpeko obretan hainbat iturriren arabera %80tik gorako gainkostuak pilatzearen ondorioz Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza eten behar izan dutela ikaragarrizko gertaera eskandalagarria» dela salatzen du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. «Egoera larri honek zentzugabekeriazko azpiegitura-lan handi hori auzitan jartzeko azken urteetan defendatu ditugun arrazoiak egiaztatu baino ez ditu egiten», gaineratu du.

Hori dela eta, mobilizaziorako deia egin du Satorralaiak azaroaren 14rako Donostiako Metroaren pasantea behin betiko gelditzeko eskatzeko.

Ekainaren 5ean, Zubieta kalean tunelaren zati bat erori zenean, Antonio Lopez Euskal Trenbide Sareko (ETS) Eraikuntza zuzendaria «arazo puntuala» izan zela adierazi zuela gogoratu du Satorralaiak. «Alabaina, azken egunetan ezagutu diren dokumentuen arabera, obra erabateko larrialdi egoeran dago eta uztailaren 16an Lanen Zuzendaritzak Urbieta kalearen azpian geldiarazi behar izan zituen halaber tunelaren zulaketa-lanak, zehazki Koldo Mitxelena Kulturgunearen eta Amarako Eskolen artean kokatzen den trazaduaren 1+216 Puntu Kilometrikoan, ‘mazizoaren kontsolidazioa eta zulaketa-frontearen egonkortasuna bermatzearren’», nabarmendu du Satorralaiak.

«Kinka larrian»

«Metroaren obra kinka larrian egon badagoela argitu da gero, lurpeko lan horiek egiten dabilen Cavosa enpresak 28 langile kalera bidali dituela zabaldu denean. Berehala, ETSek Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza lanen kontratua baliogabetzea aztertzen ari dela jakinarazi du irailaren 25ean, "hondeaketaren bi frontetan hondarra agertzearen eta uren ustekabeko etorreraren ondorioz" obraren gastuak izugarri igo omen direlako, legeak baimentzen duena gaindituz; eta gainkostu handi horiek barne hartuko dituen proiektu aldatu edo modifikatu bat esleitzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak bide batez», gogoratu du Satorralaiak.   

«Egoera kaotiko honek erabat egiaztatzen du, beraz, zentzugabekeriazko proiektu hau Donostiako ibai-marea lur hareatsuetan eraikita dauden erdialdeko eta Amara auzoko lurpearen ezaugarri fisiko baldintzatzaileak aintzat hartu gabe eta ezjakintasun izugarriarekin diseinatu dela. Hala, obrarako hainbat eta hainbat zundaketa eta azterketa geotekniko eginagatik ere, ETSek joan den martxoan honako erantzun onartezin hau eman zion herritar baten informazio eskaerari», salatu du Satorralaiak, ETS «arinkeriaz eta seriotasun-ezaz» jokatu duela gaineratuz.

«Bestalde, Eneko Goia alkateak eta udal-gobernuak agertzen duten morrontza eta partzialtasun politiko zekena nabarmendu nahi dugu gaurkoan: izan ere, Metroaren obrak egitearen aldeko txostenak onartu ziztuzten bere egunean, baina ez dira txintik ere esateko gauza, ordea, ez ETSren prepotentziaren eta kudeaketa okertezinagoaren aurrean, eta ez Amarako, Erdialdeko eta Antigua auzoko  bizilagunei eragiten ari zaizkien kalte eta galerengatik», gaineratu du.

«Obratzar hau zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela dela azpimarratu nahi dugu berriro. Donostiako hiri-erdialdean barrena Metro bat eraikitzeak ez du inongo justifikaziorik hiriko garraio publikoa nahiz Gipuzkoan EuskoTrenen sarea hobetzeko egin diren bestalako proposamenen aldean, zeinak lurraldeko hainbat herri eta auzorentzat onura sozioekonomiko handia banatzea ekarriko luketen. Zentzuz jokatu beharrean, eraikuntza-lanetan inbertsio handiak eskatzen dituen mega-proiektu baten aldeko hautua egin dute, funtzionamenduan jarriz gero Dbus-en zerbitzuetan ondorio kaltegarriak ekartzeaz gain energia kontsumo nahiz mantenimendu eta ustiapen kostu altuak izango dituena. Egitasmoak herritarren artean piztu duen desadostasun zabala ikusita, Eusko Jaurlaritzak propaganda askorekin baina inongo herri galdeketarik eta partaidetzarik gabe inposatu du gainera», erantsi du Satorralaiak.