Udaberrian behar zuena udazkenera atzeratu zuen covid-19ak eta azaroaren 1ean izan behar zuen Endika Uriondoren debuta gaurko egunera aurreratu du Baiko bere enpresa berrian bizi duten egoera gatazkatsuak, baina pilotari guztientzat horren berezia den egunaz gozatu ahal izan du Gizaburuagako atzelariak gaur arratsaldean Gernikan.
Enpresako kide gehienak greban eta Ezcarayn zirenez, Aspeko kirolari bat, Danel Elezkano, izan da atzelari bizkaitarraren aitapontekoa gaur arratsaldean, debutatu berria den Iraitz Zubizarreta eta Ladis Galarzaren aurka. Ez ditu gauzak errazak izan Baraibarkoa bezalako atzelari jotzaile baten aurka, baina maila polita eman ahal izan du Uriondok, batez ere partidako lehen erdian, lauretan pilotaririk seguruena izanda. Eskuin bizi xamarra duela ere erakutsi du partidako zenbait unetan eta Elezkanok ondo lagunduta, lehen atsedenaldi luzera aurretik joan dira bizkaitarrak (12-10). Dena dela, partida amaierarako urdinak nagusitzen joan dira eta azkenerako garaipena eskuratu dute 18-22ko emaitzarekin.
Horrelako egunak beti dira ederragoak 22ra helduta, baina etxekoez eta lagunez inguratuta, pozik amaitu du Endika Uriondok etxetik horren gertu izan den debuta, berez Bilboko Bizkaian zegoen iragarrita, eta kantxa uzterakoan aurpegian zeraman irribarreak argi utzi du hori.