NAIZ

Sektore eta auzo herrikoien alde lan egitea xede duen Alda elkartea sortu dute Baionan

Zizpa Gaztetxean iragan zen Biltzar Nagusia eratzailearen karietara Alda izeneko elkarte berria sortu zuten iragan larunbatean Baionan. Sektore eta auzo herrikoien bizi baldintzak berreskuratzeko lan eginen du mugimenduak. Gaurdanik hiriko hamasei auzotan inkesta bat jarriko dute martxan bizilagunen egoera bertatik bertara ezagutzeko.

Alda mugimenduaren batzar eratzalea larunbatean egin zuten, Zizpa gaztetxean. (Alda)
Alda mugimenduaren batzar eratzalea larunbatean egin zuten, Zizpa gaztetxean. (Alda)

«Egiaztapen baten ondorioa da Alda elkartearen sorrera: gizartearen parte baten baitan prekarietatea handituz doa, eta egoera hori txartzen ari da zeren pertsona horiek gero eta deskonektatuago dira egitura kolektiboetaz eta usaiako erakundetaz» azaldu du Xebax Christyk Alda mugimenduak izendatu dituen bi presidenteetako batek.

Lurralde-eredu bidezkoago eta iraunkorrago eraikitzeko bidean sektore eta auzo herrikoien partaide diren pertsonei «boterea berriz ematea eta haien boza entzunaraztea baitezpadakoa dela» gaineratu du Christyk.

Ildo beretik, Alda elkarteak jendearen bizi baldintzak hobetzea izanen duela helburu  oroitarazi du. Horrendako oso bestelako alorrak aintzat hartuko ditu berdin etxebizitza, lana, garraioa, ingurumen edo zerbitzuei so eginez.

Christyk nabarmendu duenez «herritar horiekiko onarpena eta errespetua berreskuratuz jendartearen egitura eta elkartasun aktiboa berreraiki nahi ditugu, kultur egitasmo herrikoia gorpuztuz, zeinean jende horiek boterea berreskuratuko dute eta egiazko tokia izanen dute bizitza demokratikoan eta euskal jendartean».

Alderdi politiko eta erakundeetatik at, eragile independente gisara jardunen du Alda elkarteak. Hala, mugimendu berria bere kideen diru ekarpenen bidez finantzatuko da.

Inkesta zabal bat abian

Lehen ekintza zehatza agindu du sortu berri den elkarteak. Gaurdanik "Eta hau aldatuko balitz?" izeneko iritzi inkesta zabal bat abiatuko du Aldak. Hainbat hilabetez, Aldaren laguntzaileak hiriko hamasei auzoetara hurbilduko dira herritarren iritzia jasotzeko.

«Aldaren desmartxa jendeen beharretarik abiatzen da. Lehenik eta behin, gure helburua pertsona horiek entzutea da, haien bizi baldintzei buruz duten begirada baita haien  xedeen ere ulertzeko» azaldu du Christyk.

«Alda proiektuarekin bat egiten duten lagun guziak gurekin etortzerat gomitatzen ditugu, inkestaren gauzapenean parte hartzeko, eta Alda, auzoetako aldizkaria idazteko eta banatzeko», adierazi du Malika Peyraut, Alda elkartearen presidentekideak.