Ane URKIRI
Tolosa

Asuncion Klinikako langile eta erabiltzaileentzat ez da kasualitatea covid-19aren agerraldi nabarmena

Tolosako Asuncion Klinikako langile eta erabiltzaileek deitoratu dute ez dela kasualitatea azken asteburuan atzeman den koronabirusaren agerraldia. Kudeaketa publiko-pribatuak areagotutako prekarietatearen ondorio delakoan dira. Asteleheneko azken datuen arabera, 41 kutsatu daude ospitalean. Larunbat honetan egoera salatzeko manifestazio bat egingo dute Tolosan.

Tolosan gaur asteartean eginiko agerraldia. (Jon URBE | FOKU)
Tolosan gaur asteartean eginiko agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

Hasieran hiru langile kutsatu atzematetik 41 pertsona kutsatu izatera pasa dira Tolosako Asuncion Klinikan −35 langile eta 6 erabiltzaile−. Ospitaleko jarduera mugatuta berrartu dute, lantalde osoari PCR probak egin ostean.

Nolanahi ere, bertako langile zein ospitaleko zenbait erabiltzailek Tolosaldeko ospitale honetako kudeaketa eskasa deitoratu nahi izan dute astearte honetan, oraingo kontua ez dela argitzearekin batera. «Guztiz ez publifikatzearen ondorio da, kudeaketa publiko-pribatuaren albo kaltea da», adierazi dio NAIZi Martin Arroyo erabiltzaileak.

Tolosaldea da EAEn ospitale guztiz publikorik ez duen eskualde bakarra eta anitzak izan dira honen aurkako protestak. Horregatik, uste dute koronabirusaren agerraldi nabarmen hau ez dela «kasualitatea».

Ainhoa Ortiz erizain laguntzaileak argitu du FPP2 musukoa ez dietela banatu lehen agerraldia antzeman arte, nahiz eta egunak zihoazen honen beharraz ohartarazten. Babesgabe sentitu dira.

Bestalde, zehaztu nahi izan du positibo eman duten langile horiek bai daudela konfinatuta baina horiekin harreman estua izan duten besteek lanean jarraitzen dutela. Ortiz bera, esaterako, bihar bertan lanera doa.

«Nazkatuta» daude

«Klinikaren konfinamendua jada egoera honekin amaitzeko unea iritsi dela eta herritarrak eta langileak, elkarrekin bat, Tolosaldeko kalitatezko osasun arreta eskatzeko erabili nahi dugu», adierazi dute Tolosako Zerkausian eginiko prentsaurrekoan, «nazkatuta» daudela ozen esanaz.

Larunbatean 12.30ean manifestazio bat deitu dute eta asteazken honetan Zerkausian aterako duten «babes argazki erraldoira» hurbiltzeko gonbita luzatu die herritarrei.

«Langile gutxi gaude, gutxiegi, ez gara iristen. Gure aldetik dena ematen dugu baina baliabide pertsonal eta material faltak eragin zuzena dute. Eta honek ekarri du Klinikaren itxiera eta covid-19 kasuak langileen artean zabaltzea», azaldu dute.

Klinika horretako jabeen helburuetan irabazi ekonomikoak osasun arretaren aurretik lehenesten dituztela deitoratu dute.

Zerbitzuaren %98 da publikoa eta Javier Arana Tolosaldeko Osasun Publikoaren Alde (TOPA) elkarteko kideak zehaztu du bertako lantaldea gainontzeko OSIetan baino heren bat txikiagoa dela.  

Aspaldiko salaketa

Herritarrek eta TOPA elkarteak urteak daramatzate Asuncion Klinikaren kudeaketarekin egin dituzten «trikimailuak» salatzen. «Arazo honekin 28 urte» daramatela ohartarazi du, nahiz eta duela 9 urte jada egoera hobetu zela «saldu» zitzaien Tolosaldeko herritarrei.

Orduan egin zen akordio publiko-pribatua baina herritarrek erabateko publifikazioa eskatzen dute, EAEko eremu bakarra baita zerbitzu hori ez daukana.

Guztia publifikatzeak, hau da Tolosaldeko OSI batek, 80 milioi euroko kostua lukeela kalkulatu zuen TOPA elkarteak; hala, Aranak zehazten du Tolosaldera urtero beste eskualdeetara baino 12 milioi euro gutxiago bideratzen dela osasun zerbitzura; «hau da, azken 9 urtetan kasik 200.000 milioi euro gutxiago eta pastel horretako zati bat klinikaren jabeentzat doa, interes pribatura, alegia.

Erkidegotik kanpoko 25 medikuren espezialitate tituluak homologatu gabe daudela jakinarazi du, horiek osasun zerbitzu publikoa eskaintzen duten medikuen erdiak direla ñabartuz. Traumatologiaren kasuan, esaterako, zazpi medikuetatik bakarrak dauka titulu homologatua. Martxoan, pandemiaren zabaltzearen aurretik, egoera salatu zuten.

«Iragarritako hilketa baten kronika» dela irudikatu du irmoki. Era berean, nahiz eta azken egunetan alkateak adierazi duen Tolosaldeko herritarrak ohituta dauden Donostiako ospitalera joaten, hori konponbidea ez dela argitu nahi izan du.

Mesfidantzaz josita daude eta horregatik saiatzen dira beraien kontsultak Donostira bideratzen baina Aramak argi dauka, beste eskualdeetan legez, Tolosaldeak ere behar duela %100eko osasun zerbitzua.