Kanpoan dagoen zarata guztiaren artean, nolabaiteko oasia izan da igandeko balizko finalerako material aukeraketa. Nolabaitekoa, ezin esan daitekeelako ekitaldia normaltasunez egin denik, publikorik, finalistetako bat –Martija– gabe eta finala igandean jokatuko denaren ziurtasunik gabe egin baita. Hori bai, pilotariak eurak eta enpresetako ordezkariak dena ahalik eta «normalen» egiten saiatu dira.
Iganderako pilotak martxotik apartatuta bazeuden ere, hiru pilotariek oso gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. «Gure aldetik oso gustura amaitu dugu, Josebarenak ere probatu ditugu eta seiak ere frontoi honetarako oso egokiak iruditu zaizkigu» azaldu du Aimar Olaizolak. Bere atzelaria zango den Mikel Urrutikoetxeak sei pilotak oso antzekoak direla azaldu du, nahiz eta eurek aukeratutakoren bat Aspeko bikotearena baino biziagoa izan daitekeela onartu.
Martija buruan
Joseba Ezkurdiak ere gustura amaitu du eta, azaldu duenez, «Julenek jokatuko duela pentsatuz aukeratu ditut, txapelketa guztian aukeratu ditugunen antzekoak dira». Martijak jokatzerik izango ez balu, Zabaleta arituko litzateke bere ordez eta Arbizukoaren esanetan, 2018 txapela jantzi zuenenean lagun izan zuen atzelariak «edozein pilotarekin jokatzen du».
Ziurgabetasun giro honetan, burua partidan bakarrik izaten saiatuko direla nabarmendu dute hiru pilotariek, igandako finala normala ez ezik, beste guztia izango denaren jakitun.