Athleticek garaipen bat behar zuela onartu zuen Garitanok Levanteren kontrako partidaren ostean. Talde barruan lasai zeudela esan arren, kanpoko giro nahasia baretzeko eta jokalariek konfiantza hartzeko baliagarria izango dela gaineratu zuen. Derioko entrenatzaileak norgehiagoka harrobiko hainbat jokalarirekin zelaian amaitu zuela nabarmendu zuen prentsa aretoan eta «pazientzia» eskatu zuen taldean sartzen joateko.
Jon Morcillo, Oier Zarraga, Unai Vencedor eta Asier Villalibre aipatu zituen. Gernikarrak orain dela urte batzuk egin zuen debuta Valverderekin, baina aurreko denboraldian igo zen lehen taldera, utzita egon eta Bilbao Athleticen berriro gol sena berreskuratu ostean. 23 urte dauzka oraindik Villalibrek eta izan dituen minutuetan errematatzaile aparta dela erakutsi du. Bost gol egitea lortu zuen iaz jokatutako 23 partidetan. Gehienetan aulkitik atera zela kontuan izanda adierazgarria da.
Denboraldi honetan jokatutako bost partidetan parte hartu du. 107 minutu guztira. Bigarren zatietan zelairatu izan da partida maldan gora jarri denean. Eta Ipuruan kenduta, non erabakigarria izan zen, aukera gutxi izan ditu baloia ukitzeko.
Taldearen aldaketetan gero eta pisu gehiago dute harrobiko jokalariek, baina gutxitan sartu dira hamaikakoetan. Garitano Bilbao Athleticek iritsi zen arren, lehen denboraldian ez zien aukerarik eman gazteei. Iaz Unai Simon, Unai Lopez eta Cordoba ohiko hamaikakoan sartzen joan ziren eta hiru jokalarik debutatu zuten Ligan: Oihan Sancet, Larra eta Unai Vencedor. Kopan Jokin Ezkieta atezainak gau ahaztezin bat bizi izan zuen Tenerifen penaltietan aurrera egiteko ezinbestekoa bilakatuz. Valladoliden kontrako adiskidantzazko azken partidan ere erabakigarria izan zen garaipena lortzeko penaltietan. Nafarra iaz heldu zen Bilbao Athleticera Bartzelonaren harrobitik eta aurten Unai Simonen ordezkoa da lehen taldean Iago Herrerinen aurretik.
Bestalde, Larrak Liga eta Kopako 12 partida jokatu zituen eta hiru aldiz aritu zen hasieratik. Minutuak izateko zailtasunak aurreikusita Zaragozara joan zen Berenguerren fitxaketa baieztatu zen egun berean.
Sancet eta Vencedor, pausoz pauso
20 urte besterik ez ditu Oihan Sancetek. Lesio larria izan zuen orain bi denboraldi eta iaz maila berreskuratzeko lehen eta bigarren taldearen artean ibili zen urte osoan zehar. Garitanok jokalari berezia dela goraipatu izan du hainbat agerralditan. Azken pasea eman edo gola egiteko gaitasuna dauka nafarrak eta erdiko aurrelariaren atzetik zelairatu izan du entrenatzaileak lehen taldean. Joan den azaroan lehen aldiz hamaikakoan sartu zuen Osasunaren kontrako partidan eta Sancet erabakigarria izan zen erasoko jokoan. 19 partidu jokatu zituen eta gol bat egin zuen prestaturiko jokaldi batean Mallorcaren aurka. Talentu handiko jokalaria da eta itxaropen handia daukate kirol arduradunek. 2015ean iritsi zen Lezamara Osasunaren harrobitik. Aipagarria da Garitanorekin debuta egin dute harrobiko jokalari denak bizkaitarrak direla Sancet kenduta.
Denboraldi honetan lau partida jokatu ditu dagoeneko eta Alavesen kontrako derbian hasieratik aritu zen. Azken pase hori etengabe bilatzen egon zen eta lerro artean mugitzen, baina ez zuen emaitzarik lortu. Bilbao Athleticen atzerago jokatu izan du, zelai erdian jokoaren antolaketan parte hartuz. Unai Lopezekin gertatu den bezala euskarri lanetara moldatu daiteke defentsa arloan hobetzen badu.
Unai Vencedorrek ere pasa den denboraldian jokatu zuen lehen partida Athleticekin. Errekaldeko mutila titularra izan zen Osasunaren kontrako derbian. Maila ona eman zuen zelai erdian, minutuak igaro ahala baloia mugitzeko duen gaitasuna erakutsiz, eta falta bat zutoinera bidali zuen. Lehen taldearekin entrenatzea ohikoa izan bazen ere ez zuen zelairatzeko beste aukerarik izan. Bilbao Athleticen erraz gailentzen zen bilbotarra eta lehen taldera igo da klubak San Josek eta Beñatek ez jarraitzea erabaki ondoren. Azaroaren 15ean 20 urte beteko ditu euskarriak eta denboraldi honetan bi partidetan parte hartu du dagoeneko. Hala ere, zaila dauka hamaikakoetan sartzea Dani Garcia ezinbestekoa baita Garitanorentzat. Aurredenboraldiko partidetan bere dohaiak erakutsi ditu eta epe hurbilera aukera gehiago izan beharko lituzke.
Morcillo, Vicente eta Zarraga
Belaunaldi aldaketa bat ematen ari da Athleticen. 2020/21 denboraldi hasiera honetan dagoeneko harrobiko hiru jokalarik egin dute debuta. Jon Morcillo nabarmendu da guztien artean. Zornotzako mutila Bilbao Athleticeko golegile nagusia izan zen iaz eta aurre denboraldian bere aukerak ondo baliatu ditu. Titularra izan da lehen hiru partidetan eta maila txukuna eman du. Erdiraketak egiteko erraztasuna dauka ezker hankarekin, baina eskumarekin ere moldatzen da Valladoliden kontrako adiskidantzazko partiduan egindako golarekin erakutsi zuen bezala. Berenguerren fitxaketarekin aulkian geratu zen Levanteren kontra. Hala ere, zelairatu bezain laster izkin egin eta erdiraketa bikain bat egin zuen Williamsek gola egin eta partida erabakita uzteko.
Iñigo Vicentek ere ordu erdi bat jokatu zuen Cadizen kontrakoan. Derioko gaztea Mirandesen egon zen utzita aurreko denboraldian eta zalantzak zeuden Athleticen geratzeko aukera izango zuen. Garitanok pausu bat eman behar zeukala esan zuen denboraldi aurrean, baina badirudi azkenean konbentzitu duela. Entrenatzaileak ondo ezagutzen du jokalaria bigarren taldean zuzendu baitzuen. Kalitatea dauka azken metroetan pase, erdiraketa edo jaurtiketa bikainak egiteko. Cadizen aurkakoan izan zuen ordu erdian erakutsi zuen bezala. Aurkariak atzean sartzen direnean jokalari aproposa izan daiteke, baina defentsan hobetzea eskatzen dio teknikariak.
Oier Zarraga izan da azkena lehen taldearekin jokatzen. Aurre denboraldian eta adiskidantzazko partidetan erakutsitakoarengatik merezi zuen aukera mungiarrak. Bi gol egin ditu Oviedon eta Valladoliden kontrako norgehiagoketan. Euskarri lanetan zein hegalean aritu daiteke Zarraga. Nabarmentzekoa da golak egiteko duen gaitasunarekin batera, erasoko posizioetara heltzeko duen erraztasuna.
Jardunaldiak aurrera doazen heinean ikusi beharko da Garitanok aukera gehiago ematen dizkien eta noizean behin hasierako hamaikakoetan sartzen doazen jokalari gazteak. Eta emaitzek ahalbidetzen badute, egonkortzea izango da hurrengo pausua. Argi dagoena da kirol zuzendaritzatik Fernando Llorente edo Javi Martinez ekartzeko saiakerak bultzatzea, kontraesankorra dela Lezamatik datozen jokalariengan konfiantza erakustearekin.
Behetik datozenak
Bilbao Athleticen hainbat jokalari daude epe ertainean jauzia emateko prest egon daitezkeenak. Joseba Etxeberriak zuzentzen duen bigarren taldeak igandean abiatu zuen denboraldia Arenasen kontrako berdinketa batekin (1-1). Hamaikakoan izan ziren aurre denboraldia lehen taldearekin egin duten Ewan Urain erdiko aurrelaria eta Nico Serrano. Iaz Basconian golegile nagusia izandako Diarra ere hamaikakoan izan zen. Erasoko jokalariak dira eta baita ere Nico Williams. Iñakiren anaia txikiak sekulako indarra eta abiadura dauka, buruz burukoan zaila da geratzea. Arenasen kontra bereak izan ziren talde zuri-gorriaren jokaldi hoberenak eta Jon Guruzetaren gola bere pase baten ondorioz iritsi zen.