Iragan apirilean kartzelaldiaren 30. urtean sartu zen Frederic ‘Xistor’ Haranburu presoak aurkezturiko hirugarren askatasun eskaera aztertu zuen uztailaren 9an Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak (TAP, frantsesez).
Defentsak inoiz baino txosten gehiago aurkeztu bazituen ere –tartean lehen aldikoz Baionako Fiskaltzak sinaturiko txostena– Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak eskaeraren kontra ohiko jarrera hartu zuen uztailaren 24a iragan zen dei auzian.
Gaur, ordea, dei auzitegiak Haranburu aske uztea onartu du, bakegileek jakinarazi dutenez. Bake Bideak agiria zabaldu du urte luzeetan eragile anitzek eginiko lanari esker lortu dela erabaki hau baloratuz. Era berean, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal aske izan arte lanean jarraituko duela baieztatu du elkarteak.
Defentsak auzian onartu bezala, presoak hainbat baldintza bete beharko ditu. Hala nola eskumutur elektroniko bat eraman beharko du Haranburuk espetxetik aterako denean.
Epaileak hilabeteko epea ematen du bere ebazpenean Haranburu aske uzteko, bere abokatuak baiezatu duenez.
‘Argala komandoa’
1990. urtean espetxeratu zuten Haranburu eta geroztik kartzelan da, 30 urte dagoeneko. Egoera berean daude Argala komandoko beste ki bide ere, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal.
Oroitzearren, Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak (TAP, fransesez) aske ateratzeko Haranburuk aurkeztu zuen hirugarren eskaera aztertu zuen uztailaren 9an.
Epaileak galdera hori babestu bazuen ere, argudio sendoak eskainiz gainera, fiskalak Haranburu kartzelan atxikitzeko helegitea aurkeztu zuen.
Irailaren 24an auzitegiak berriz heldu zion dosierrari. Fiskalak bere ohiko jarrerari eutsi zion.
Maritxu Paulus Basurco abokatuak dei auziaren harira nabarmendu zuenez, inoiz baino dosier sendoagoa aurkeztu zuten hirugarren eskaera hori babesteko.
Are, Baionako Fiskaltzak berak Haranburu aske uzteak ez lukeela arazorik eragingo adierazi zuen agiri baten bidez.
Lehenagotik ere Lannemezango espetxeko zuzendariak eta beste hainbat administraziotako ordezkariek Haranbururen desmartxa babestu zuten.
Lehen aldia zen, ordea, Baionako Fiskaltzak babesten zuela eskaera. Babesak garrantzia bazuen, teoria soilean bere irizpidea jarraitu behar zuelako Parisko Fiskaltzak.
Fiskaltzak ezarritako hesian... urradura bat
Bizi arteko zigorrak jaso zituzten euskal presoen dosierrak behin eta berriro blokatzen dituen Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak ohiko argudioak eman zituen auzian zehar.
Horrendako gaurko ebazpenak joera aldaketa ekar dezake, finean blokeoaren horman urradura bat sortu duelako.
Auzian zehar hiru hamarkada luze kartzelan igaro dituen Haranburu askatzeak sor zezakeen alarma soziala aipatu zuen fiskalak. Bestalde, 2018an ETA desagertu bazen ere Haranburuk jarduera armatuari berriz ekiteko arriskua nabarmendu zuen fiskalak.
1990an atxilotu ondoren senpertarrari ezarri zioten kondenaren baitan frogatutzat eman ziren ekintzen «larritasuna» nabarmendu zuen, azkenik, fiskalak.
Fiskaltzaren zaharkituriko argudio horien aurrean testuinguru berria aintzat hartuz -eta batez ere dosierraren sendotasun juridikoa baloratuz- jokatu du epaileak Haranbururen askatasun eskaera onartzerako orduan.
Mobilizazioak heriotza zigorra salatzeko
Azken urtetan mobilizazio anitz egin dira Parot anaiak, Xistor Haranburu eta Jakes Esnalen askatasuna eskatzeko.
Joan zen uztailaren 25ean, ‘Heriotzeraino kondena bete? 30 urte aski da! Xistor askatu!’ lelopean mobilizazioa egin zuten Senperen bakegileek eta Bake Bidea elkarteek deituta.
Egun berean irailaren 19an Ipar Euskal Herriko hamarnaka herrietara mobilizazioa eramateko deia luzatu zuten.
Egun osoko mobilizazioari bukaera emanez, ehunka bakegilek hesia altxatu zuten Baionako suprefeturaren sarreran, blokeoa salatuz presoen auziari irtenbide bat aldarrikatzeko.
Hala eta guztiz ere, handik egun gutxitara, irailaren 24an, TAPek ‘Argala komando’ko beste kide batek, Jakes Esnalek, aurkezturiko bigarren askatasun eskaera baztertu zuen.
Egun berean aztertu zuen, azaldu bezala, Haranbururen dosierra. Bigarren auzi horretan adierazpen bereziki larria entzun zen audientzian: aurrera begira ere Haranburuk aukeztu zezakeen edozein eskaera errefusatzeko asmo irmoa plazaratu zuen fiskalak.
Iparraldeko gehiengo sozial eta politikoaren erantzuna berehala heldu zen.
Biharamunean bertan, frantziar justiziak kartzelan hiltzera kondenatzen dituela euskal preso horiek salatzen zuen mozioa onartu zuen, gehiengo zabal batez, Euskal Elkargoak irailaren 25ean, Baionan eginiko herriarteko kontseiluaren bileran.
Presoen auziari ezarritako blokeoari erantzuteko dinamika iraunkor eta determinatua abiatuko dutela iragarri ostean, bakegileek desobedientzia ekimena iragarri zuten heldu den abenduaren 19rako.