Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren kudeaketa bere osotasunean publifikatu eta ospitale publikoa eraikitzea; hala eskatu du EH Bilduko legebiltzarkidea den Ibai Iriartek ostiral honetan erroldatu duen mozio baten bidez.
Eskari zuzena egin dio gainera osoko bilkuran Lakuako Gobernuko Osasun sailburuari eta zentzu horretan konpromiso zehatzak hartzeari uko egitea egotzi dio.
«Gobernu programan Bereizmen Handiko Zentro bat martxan jartzeko asmoa jaso dute, baina sailburua hori zer demontre izango den azaltzeko ere ez da gai izan», kritikatu du Iriartek.
Halaber, Tolosaldean ospitale publikoaren aldeko aldarria orokorra dela azpimarratu du. «Eskualdean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek ospitale publikoa aldarrikatzen dute, EAJk barne, gai horretan eman duen ziaboga punta puntako traineru batena izan baita», gaineratu du Iriartek.
Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du ospitale publikoa eraikitzea, Asuncion Klinikaren zerbitzuaren gabeziak agerikoak kontuan izanda: «Pertsonal ratio baxuak, mediku askoren espezialista titulaziorik eza…».
Izan ere, urriaren hasieran Asuncion klinikako osasun-langileen artean kutsatze batzuk antzeman ziren, eta, beraz, 350 profesionalek osatutako zentroko langile guztiei PCR probak egitea erabaki zen. Kasu berriak agertu zirenez, zubian zehar zentroaren jarduera murriztea erabaki zen, plantillaren egoera epidemiologikoa zein den jakiteko argazki zehatza izan arte.