Dabid Lazkanoiturburu

«Aljeria berria» berriro sortzeko erreferenduma, zaharrak berri

Aljeriako erregimenak Konstituzioa aldatzeko erreferenduma deitu ditu du gaur, teorian Hirak mugimenduaren eskaerak jasotzeko, baina azken finean matxinadarekin amaitzeko. Bide batez, Abdelmadjid Tebboune presidenteak bere boterea sendotu nahi du. Baina Hirakekoek batetik, eta islamistek bestetik, arrazoi desberdinak medio, ezetz esan diote.

Dabid Lazkanoiturburu (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Dabid Lazkanoiturburu (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Abdelmadjid Tebboune agintari berriak «Aljeria berria» sortzeko Konstituzioa aldatzeko erreferenduma deitu du gaur, bere hitzetan 2019ko otsailean Abdelaziz Bouteflika presidente zenaren aurka sortu zen Hirak mugimenduaren eskaerak gauzatu ahal izateko.

Benetako asmoa, ordea, alde batetik koronabirusaren krisiak eragin dituen konfinamenduak eta kalera atzeratzeko zailtasunak, eta bestetik errepresioak eta atxiloketek ahuldu duten mugimendua agortzea baino ez da, «gatopardismoa» izeneko estrategia erabiliz: dena aldatu ezer alda ez dadin.

Bide batez, Tebboune presidenteak, iazko abenduan ordura arte inoiz ezagutu gabeko abstentzioarekin hautatua izan zena, bere boterea sendotu nahi du. Orduan agindu behar izan zuen Konstituzioa aldatzeko erreferenduma. Iragarpenarekin, keinu bat bidali nahi zien Hirakeko manifestariei, iktusak jota oso gaixo zegoen Bouteflika hauteskundeetara berriro aurkezteko erregimenaren saiakera bertan behera bota zuten hiritarrei hain zuzen.

Paradoxak, orduan Bouteflika Estatu frantseseko ospitale batean zegoen moduan, orain Tebboune (74 urte), bere oinordekoa, Alemaniako ospitale batean dago, ustez koronabirusak jota. Eta bere «Aljeria berria» sortzeko erreferendumean parte hartze oso eskaxa espero da.  

Erreferendumaren data ez da kasualidadea. Azaroaren 1aean inperio frantsesaren aurkako gerraren ((1954-1962) hasieraren urteurrena da.

«1954: askatasuna, 2020ko azaroa: aldaketa», da kanpaina ofizialaren leloa. Baiezko botoarekin bat egin du, nola ez, Gobernuak, boterean dagoen koalizioa osatzen duten alderdiek, Nazio Askatasunerako Fronte (FLN) historikoa lehena, eta komunikabide publikoek.  «Herri- tar andana joango da bozkatzera», aurreratu du Ammar Belhimer Komunikaziorako ministro eta Gobernuko bozeramaleak, «nazio eraikuntzan beste harri bat jartzeko eta Aljeriako etsaien azpijokoak deusezteko».

Hainbat eskubide eta askatasun jasotzen baditu ere, Konstituzio berriak erregimena bere horretan mantentzen du.

Izan ere, eta atarikoan «jatorrizko» Hirak mugimendua goraipatu eta honen eskaerak bere egiten badu –aldaketa klimatikoaren kontra ere azaltzen da petrolioa ia diru iturri bakarra duen herrialdeko gobernua–, Armadaren indarra eta papera aldarrikatzen du.

Horrela, bada, «Aljeriaren hil ala biziko interes estrategikoak defendatzen» duela onartzeaz gain, Armadari mugetatik at aritzeko baimena ematen dio. Beraz, barnean eta kanpokaldean indartu baino ez dira egingo 1962tik atzean eta ezkutuan baina boterean izan diren militarrak. Hirakek exijitzen duen botere zibilari muzin egiten dio, beraz, Konstituzio berriak.

Bide batez, eta Tebboune berak agindu zuen arren, testuak ez du presidentearen ahalmenak inolaz ere murrizten eta lehen ministroa, Senatuaren herena, prefetak, epaileak eta segurtasun organoak izendatzen jarraituko du.

Beraz, Bouteflikak hiru aldiz (2002an, 200an8 et 2016an) aldatu zuen Konstituzioaren aldaketa baino ez dirudi gaurkoa.

Hori bai, proiektuak «oinarrizko eskubideak eta askatasunak» aipatzen ditu eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, alderdiak, erakundeak eta sindikatuak sortzeko eskubidea aldarrikatzen du, komunikabideak ixteko edo alderdi bat legez kanpo uzteko ahalmena epaileena dela ziurtatuz.  

Egia da, baita ere, emakumearen eskubideak gehiago zehazten direla eta
tamazight (berberea) hizkuntz ofizial eta nazional moduan onartzen dela.
Keinu guzti horiek erreaitatearekin talka egiten dute. Hiraken aurkako errepresioa areagotu egin da eta amazighek bere egin dute mugimenduaren eskaerak herri bezala pairatzen duten diskriminazioa salatuz.

Hori dela eta, Hirakek gogor salatu du erreferenduma, «forma aldetik eta mamian, itxura aldatze hutsa baino ez den testua». Manifestariek «erregimena aldatzea» exijitzen dute eta boikota deitu dute.

Alderdi islamista gehienek, Anai Musulmanen MSP alderditik hasita, aurka bozkatuko dutela iragarri dute.  Konstituzioa profanoa ei da, «eskolan eta meskitan laizismoa inposatzen duelako». Presidentearen boterea ez ahultzea, botere banaketa ez ziurtatzea eta frantsez hizkuntza behingoz ez alboratzea ere ez dute gustuko islamistek.

Baina islamistak benetan aztoratzen dituena emakumea bortxaketatik babesten artikulua da, «esfera pribatuan sartzen» delako.

Badaude, hala ere, konstituzio-erreformaren alde bozkatuko duten alderdi islamista txiki batzuk eta, adituek gogora ekartzen duten moduan, azken finean islamistak ez dira benetan boteretik aldenduko, entrismoa izeneko estrategia erabiltzen dutelako. Bouteflika beraren gobernuetan parte hartu zuten, itzaletik bazen ere.

Hala ere,  Tebboune  presidentea bera nahiko egoera zailean dago, ez baitu inolako marjenik. Hiraken boikota eta islamisten kritikak ditu batetik, eta bestetik Armadak Bouteflikaren presidentziaren eta patuaren irakasgaiak ondo barneratu ditu. Eta benetako boterea duela erakutsi nahi du, herriarekin zuen lotura guztiz hautsi duela dakien arren.

Erreferendumaren parte hartzea izango da benetako erronka. Ez Armadarentzat, Gobernuarentzat baizik. Eta ez bakarrik ospitalean dagoen Tebboune presidentearentzat. Hirak mugimenduaren etorkizuna bera ere izango den abstentzioaren arabera neurtuko da.