NAIZ

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 14 positibo berri antzeman dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, 14 kasu positibo berri atzeman dira herrialdeko adinekoen egoitzetan. Bestalde, ez da heriotzarik izan azken orduetan.

Emakume bat adineko beste emakume bat zaintzen. (Gorka RUBIO / FOKU)
Emakume bat adineko beste emakume bat zaintzen. (Gorka RUBIO / FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, 14 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan herrialdeko adinekoen egoitzetan. Beasaingo Arangoiti zentroan lau kasu antzeman dituzte eta Andoaingo San Juan Bautista zahar-etxean hamar kasu. Bestalde, ez da heriotzarik izan azken orduetan.

Gipuzkoan adinekoen arretarako 65 egoitza-zentro eta 5.425 plaza daude, eta gaur egun, covid-19an positibo emandako erabiltzaileak ondorengo zentroetan daude: Bergarako Mizpirualde (1), Donostiako Alai-Etxe (19), Berra (5), Lamourous (26), Hermano Garate-San Ignacio (1), Txara II (10), Villa Sacramento (1) eta Zorroaga (10), Zumarragako Argixao (10), Errenteriako Jesusen Bihotza (2), Zumaiako Otezuri (1), Hondarribiako San Gabriel (1), Oiartzungo Petra Lekuona (1), Beasaingo Arangoiti (4) eta Andoaingo San Juan Bautista (10). Beraz, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 108 COVID-19 kasu positibo daude egun.

Hiru dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 73 Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan ari dira artatuak izaten, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 97 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 43 pertsona hil dira.