Kirmen Uribe: «Ameriketako Estatu Batuak ez dira Trump»
Kirmen Uribe idazle ondarroarra AEBetan da, New Yorken, eta bertatik bidali ditu azpian doazen lerrook, hauteskundeen inguruan gogoeta gisa.
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazlea putzuaren beste aldean bizi da familiarekin, New York hiriko Upper West Side auzoan. Gaztetatik New York zalea, ondo ezagutzen ditu hiriko giroa eta undergrounda, hartuta dio pultsua. Hiri basa da New York, lehiakorra, kultua, boteretsua, aurrerazalea. Eta oso hauskorra ere bada, hamaika aldiz ikusi den bezala; Dorre Bikiekin eta birusaren sarraskiarekin, esaterako. Nola ikusten da Trump-Biden lehia New Yorketik? Zer-nolakoa da hango giroa? Zeinek irabaziko du? Horretaz guztiaz eta gehiagoz idaztera gonbidatu dugu Kirmen Uribe, suelto eta libre idaztera, eta, gogo onez, motza bezain mamitsua den egoera baten erradiografia eskaini digu, hausnarketarako gonbidapena:
«Estatu Batuak ez dira Trump. Estatu Batuak dira, baita ere, Malcolm X, Marx anaiak, Angela Davis, sufragistak, Bob Dylan, Patty Smith, Nirvana, Nina Simone, Spike Lee, Geronimo edo Louise Glück, azken Literatura Nobel sariduna. Estatu Batuetan gertatu zen martxoaren 8koa, Estatu Batuetan jazo zen ekainaren 28koa, Estatu Batuetan eskubide sozial eta zibilen aldeko borroka etengabea izan da eta da. George Floyd afro-amerikarra poliziak hil eta gero bizi izan ziren protestak ez ziren gertatzen 60ko hamarkadatik. Milaka eta milaka jende kalean, edozein ordutan, arrazakeria gelditzeko eskatuz.
Estatu Batuetan ez da Europak eskaintzen duen babes publikorik. Horrek jende xehearen bizitza zailagoa egiten du, baina era berean gizarte kontzientzia handia dago, gihar soziala oso sendoa da. Hemen bizi naizen hiru urteetan, ikusi dut estatubatuarrak etengabe mugitzen direla osasun sistema sendo baten alde, berdintasunaren alde (‘Me too’ mugimendua hemen eratu da), LGTBQ+ kolektiboen eskubideen alde eta klima aldaketa salatuz. Horretan aitzindari dira. Estatu Batuak hori ere bada.
Ifrentzua hori bada, aurkia ere badago, erdialdeko estatuetan batez ere, bizitzari beldurrez begiratzen dion aldea. Pribilegioak galdu nahi ez dituzten zuri eta gizonezkoena. Kristautasunaren oso ikuspegi estua dutenena. Hortik edaten du Trumpek. Bere boto-emaileak batez ere dira ikasketarik ez duten langile zuri eta gizonezkoak, globalizazioaren eta deslokalizazioaren ondorioz lana eta ilusioa galdu dituztenak. Nonbait, iraganeko mundu idealizatu batean amesten dutenak. Ez da gauza arraroa munduan, Europako eskuin muturrak ere horra begiratzen baitu.
Tentsio handia ikusten dut gizartean. Eta halako urduritasun bat, Trump gainetik kentzeko. Lortuko da, seguruena. Ezkerrak Biden-i emango dio botoa. Ez da etxean geratuko, Hillary Clinton-ekin gertatu zen bezala. Ezker osoaren babesa du hautagai demokratak. Ez Biden oso aurrerakoia delako, orain dagoena kentzeko baino. Hain gaizki egin ditu gauzak Trumpek. Pandemiarekin, inprobisazioa, zientziaren ezeztapena eta iritzi aldaketa eguneroko ogia izan dira. Baina ez horretan bakarrik. Arrazismoaren aurrean sua itzali beharrean egur gehiago bota du, langabezia tasak ohi ez bezain altuak dira, biztanleen erdiek ez dakite nola ordainduko duten hileko errenta.
Bidenek irabaziko du, baina susmoa dut horrek ez duela iraultza handirik ekarriko. Trumpen triskantza gelditzea, hori izango da bere helburu behinena. Zentzuduna izatea, horrekin nahikoa. Alderdi Demokratako ezkerrak pauso garbiak eskatzen ditu osasun sisteman, klimari dagokionez, hezkuntzan… baina aldaketa horiek denak geldo joango dira. Egun, Trump kentzea da helburua. Eta gero, Bideni bultza egin beharko zaio, betiko lekutik, kaletik, protesta eginez. Nola bestela aldatzen dira gauzak?».