NAIZ

Positiboen kopurua jaitsi egin da, baina positibotasun-tasak altua izaten jarraitzen du

EAEn 1.151 positibo eman ziren larunbatean, aurreko egunean baino 351 gutxiago. Hala ere, pandemiaren bigarren olatuko positibotasun-tasarik handiena erregistratu zen, 9,5. Nafarroan aurreko egunetan baino kasu gutxiago egon ziren, eta 500 kasutik behera egin zuen herrialdeak.

PCR frogak Zumaian. (Gorka RUBIO/FOKU).
PCR frogak Zumaian. (Gorka RUBIO/FOKU).

Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak jakitera eman duenez, larunbat honetan 12.061 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik 1.151 positiboak izan ziren. Aurreko egunarekin alderatuta 351 kasu gutxiago egon arren, positibotasun-tasa puntu erdi igo da (%9,5); izan ere, ostiralean 16.857 test egin ziren eta 1.502 positiboak izan ziren.

Orain arte, pandemiaren bigarren olatu honetan bi aldiz baino ez da gainditu %9ko positibotasun-tasa: abuztuaren 30ean ( % 9,2ra iritsi zen) eta urriaren 24an ( % 9,1).

Herrialdeka, Araba eta Bizkaia dira kutsatzeak gehien jaitsi dituzten herrialdeak. Gipuzkoak 587 positibo berri eman ditu larunbat honetan (ostiralean 596). Bizkaiak 451 positibo berri eman zituen (aurreko egunean 688 izan ziren), eta Arabak 300 (203 ostiralean). Gainera, EAEtik kanpo bizi diren 16 pertsonaren kasu positibo antzeman ziren.

Nafarroak bigarren egunez jarraian egin du behera positiboetan, eta 500 kasutik behera kokatu da. Gobernuak eman duen informazioaren arabera, herrialdeak 438 positibo eman zituen atzo, larunbata, egindako 3.892 probetan; beraz, positibotasun tasa % 11,2koa izan zen.

Aurreko egunekin alderatuta, beherakada nabarmena da; izan ere, ostiralean 584 kasu izan ziren eta ostegunean 637. Hala ere, lau pertsona hil dira.

Ospitaleetako egoera

Ospitaleetako egoerari dagokionez, larunbat honetan 47 pertsona ospitaleratu dituzte EAEn (aurreko egunean baino 34 gutxiago), eta dagoeneko 97 gaixo daude ZIUn, bost gehiago.

Felix Zubia medikuak adierazi duenez, Donostiako Ospitaleko ZIUn 48 ohe daude, eta 32 bete dira jada.