NAIZ

Abiatzear da Jakin-mina, artea eta zientzia zabaltzeko hitzaldi sortaren 10. edizioa

Jakin-mina, gazteen artean artearen eta zientziaren gaineko ezagutza hedatzeko programak 10. urte beteko ditu aurten. Hamar adituren hitzaldiak hartuko ditu egitasmoak eta, lehen aldiz, streaming bidez jarraitu ahalko dira.

Jesus Mari Lazkanok artearen gaineko bere begirada eskainiko du urtarrilaren 22an, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)
Jesus Mari Lazkanok artearen gaineko bere begirada eskainiko du urtarrilaren 22an, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jakin-minak DBH 4. mailako gazteen ezagutza zabaltzea du helburu, haien interesa piztea, eta horretarako, adituen eskutik, gai anitzez osatutako bost hitzaldiko ziklo batean parte hartzeko aukera ematen die.

Jakiundek Kutxa Fundazioarekin lankidetzan antolatu ditu hitzaldiok eta, azaldu dutenez, pandemiaren ondorioz planteamendu berri bat aurkezten da aurten. Programatutako hitzaldiak bertatik bertara eskaintzeaz gain, telematikoki ere jarraitu ahal izango dira. Horretarako bidelagun du Jakiundek Kutxa Fundazioa, bi erakundeen arteko hitzarmenaren bitartez, ikasleek hitzaldiak modu presentzialean nahiz online jarraitzeko aukera izango dutelako, taldetan txandakatuz.

Hitzaldiak Donostian eta Arrasaten izango dira, azaroaren 20tik martxoak 12ra bitartean. Azaroaren 20an, ‘Orkestra sinfoniko handi baten sukaldean’ hitzaldia eskainiko du Orkestrako zuzendari teknikoa den Joxe Inazio Usabiagak Arrasaten eta, 27an, Ikerbasqueko Silvia Bonolik unibertsoaren alde iluna arakatuko du ‘Looking at the dark side of the Universe’ solasaldian, Donostian. Abenduan, Musikeneko irakasle Elix Etxebestek ‘De Papua Nueva Guinea a drones en el escenario’ gaia hartuko du hizpide Donostian hilak 11n eta, 18an, Jakiundeko kide Iosu Zabalak ‘La práctica de una utopía’, Arrasaten.

Urte berriarekin, urtarrilaren 22an EHUko filosofia irakasle Xabier Barandiaranek inteligentzia artifiziala eta sare sozialak izango ditu mintzagai Donostian eta, egun berean, artearen gaineko begirada eskainiko du EHUko Arte Ederretako irakasle eta margolari Jesus Mari Lazkanok, Arrasaten. Otsailak 5ean zibersegurtasunaz ariko da Urko Zurutuza elektronika eta informatika irakaslea Donostian eta, 19an, klima-aldaketa izango du hizpide Elisa Sainz de Murietak Arrasaten.

Martxoan amaituko da hitzaldi sorta. Hilak 5ean, Donostiako Aquariumean, ‘Medikuntzaren erronkei aurre egiteko ingeniaritza bidelagun’ hitzaldia eskainiko du Ikerbasqueko Naiara Rodriguezek eta, 12an, ‘What's all the fuss about CRISPR and gene editing?’ hitzaldia Ana Zubiaga, EHUko Genetika katedradunak, Arrasaten.

Donostiako hitzaldiak 17.30ean izango dira, Aquarium eta Musikenen, eta Arrasatekoak Mondragon Unibertsitatean, ordu berean.