Arnaitz Gorriti

Baskoniak Villeurbannen gaitasun fisikoa berdindu behar du eta irregulartasuna saihestu

Covid-19arekin arazo franko izan dituelako, talde frantsesa Euroligako azken postuan dago, oraindik partidarik irabazteke. Gasteiztarrek joan den astean jokaturiko partida estuak eskarmenturako balekoak izango direla uste du Dusko Ivanovicek.

Zoran Dragic, joan zen asteko Euroligako neurketan, Bartzelonaren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Zoran Dragic, joan zen asteko Euroligako neurketan, Bartzelonaren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Gaueko 20.30etan jokatuko du TD Systems Baskoniak Buesa Arenan Asvel Villeurbannen aurka, Euroligako zazpigarren jardunaldiko neurketa. Covid-19a dela medio, biek ala biek jokatzeke partida dezente badituzte ere, gasteiztarrak egun hamargarren postuan dira, 2-2 balantzearekin, frantziarrak Euroligako azkenak diren bitartean, 0-3 balantze tristearekin.

Alabaina, Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrean garbi esan du ezin direla gasteiztarrak fio. «Covidarekin arazoak izan dituzte, baina jokalari onenekin etorriko dira», esan du Montenegrokoak, asteartean Tonye Jekiri pibotak esan bezala, «Villeurbannen indar fisikoari gogortasun beraz erantzun behar zaio arazoak saiheste aldera».

Baskoniak saihestu beharreko beste arazo bat irregulartasuna da. «Euroligan partida asko azken jabetzan erabakitzen dira, talde onak baitira guztiak. Gure kasuan erregular izaten saiatu behar dugu; gure gorabeherek motzagoak behar dute eta ez horren sakonak», onartu du Ivanovicek. Bestetik, «ziur» azaldu da azken astean izandako partida estuek epe luzera begira «lagundu» egingo diola Baskoniari. «Ezinezkoa da 40 minutuan maila altuenean jokatzea eta denboraldi honetan ere urrunera iritsi nahi dugulako, badakigu partidarik erabakigarrienetan azken jabetzan erabakiko direla neurketak. Beraz, nik uste partida estu hauek lagunduko digutela», gaineratu du.

GBC eta Bilbao Basketen ordutegi berriak

Datorren larunbatean Morabanc Andorraren aurka jokatu beharreko partida atzeratu egin zaio Acunsa Gipuzkoa Basketi. ACB Ligak berak adierazi duenez, Ibon Navarrok zuzentzen duen taldearen kontra abenduaren 13an jokatuko dute 17.00etatik aurrera. Ondorioz, abenduaren 12an UCAM Murtziaren kantxan jokatu beharreko partida aurreratu egingo zaio talde donostiarrari, eta hilaren 9an jokatuko du Sito Alonsok zuzentzen duen taldearen aurka, 18.30etan.

Hala, RETAbet Bilbao Basketen neurketa batzuek ere aldaketak nozituko dituzte. Morabanc Andorraren aurka bilbotarrek abenduaren 3an jokatuko dute 18.30etan eta Estudiantesen kontra, berriz, abenduaren 6an ariko dira, eta ez 5ean, 12.30etan. Bestetik, Fuenlabradari egin beharreko  bisita abenduaren 20an izango da, bai, baina ez da 12.30etan hasiko, 20.00etatik aurrera baino.