NAIZ
BILBO

‘Antigona’ tragediaren bertsio garaikidea estreinatuko da euskaraz gaur Arriagan

Sofoklesen ‘Antigona’ historian zehar gehien taularatua izan den klasikoa bada ere, euskaraz eta Euskal Herriko antzoki nagusi batean taularatzen den lehen aldia izango da ostegun honetan. Horman Poster kolektiboa berriak tragedia moldatu du, Arriaga Antzokiaren laguntzarekin.

Tragedia hau antzoki handi batean, euskaraz, taularatzen den lehen aldia da. (ARRIAGA ANTZOKIA)
Tragedia hau antzoki handi batean, euskaraz, taularatzen den lehen aldia da. (ARRIAGA ANTZOKIA)

Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da gaur (19.30ean), ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ ikuskizuna. Horman Poster kolektiboak ekoiztutako lan honek, Jaurlaritzaren eta Arriaga antzoki beraren laguntza jaso du. Ikuskizuna Sofoklesen ‘Antigona’ testutik eta Antigonaren beste bertsio garaikide batzuetatik (Anouilh, Brecht, Zambrano, Zizek, J.Butler…) abiatuta sortu den bertsio librea da.

Horman Poster kolektiboaren apostu artistiko-kolaboratibo berria jendartean partekatzen da lehen ikuskizun honekin. Izan ere, Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti Dantzertiko graduatu berriek, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak hasitako kolektiboaren hamar urteko ibilbidea eraberritzeko prozesua hasi zuten 2019an. Sinbiosi honek esperientzia eta freskotasuna gurutzatzen dituen kolektiboa izateko helburua du. Euskal arte eszeniko garaikideetan ‘Antigona’ bezalako klasikoak geureganatuz boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratzeko ariketa luzatzen digu konpainiak.

Igor de Quadra-ren zuzendaritzapean Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteek sormen prozesuan erronka horri erantzun diote dramaturgia kolektiboaren ariketa burutu eta Antigone eszenikoki berridazteko. Horrez gain, sortze-prozesuan, diziplina ezberdineko artistak aritu dira: Alberto Sinpatron jantziez arduratu da, Miriam Isasi eszenografia eta plastika orokorraz, Asier Errenteria soinuaren diseinua eta konposaketari dagokionez, Arantza Flores argiztapen diseinuan eta ikus-entzunezkoetan Arrigurik osatu du lana.

Alaia Martin-en hitzek osatzen dute antzezlan honen sinopsia: «Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Antzezlan hau, jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da. Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezurmamitutako festa distiratsu bat».

Eta zergatik ‘Antigone’? Antigone. Anti: ezezkoa edo kontrakoa. Gone: Malgua, moldagarria. Antigone: Moldaezina.

«Zeharo kuriosoa gertatzen da moldaezina izanda 2.500 urtetan garai guztietara gehien moldatu den obra dela jakitea. Antigona omen dugu antzerkiaren historian gehien taularatu den antzezlana, baina gure herri txiki honi eragin gutxi egin diola dirudi. Ez da sekula inoiz euskaraz taularatu izan. Gu ere moldaezinak izango ote gara?», dio kolektiboak.

‘Antigone edo ezetzaren beharra’ testu originalaren interpretazio garaikidea da. Sofoklesen testu klasikoaren pertsonaiak eta gertakari nagusiak errespetatzen dira tramari dagokionez, baina antzezlanera hurbiltzeko egungo testuinguru eta gogoetatik abiatuz. Eta historian zehar idatzitako beste bertsio eta itzulpen batzuetan inspirazioa bilatuz (J. Anouilh, B. Brecht, Maria Zambrano, Zizek, Judith Butler, Jokin Zaitegi), lan taldea mito bilakatutako kontakizunaren barreneraino sartu da boterearen inguruko egungo gatazkak eta ikuskerak aztertzeko.

Hizkuntza eszeniko eta estetika ezberdinekin eraiki du kolektiboak antzezlan hau: off-eko narrazioa, arbola genealogikoa argitzen duten kartelak, gorputza eta ahotsa eraldatzen duten objektuak, mugimendu koreografiatua eta eszena koral nahiz bakarkakoak. Elementu guzti hauek, musika, argia eta jantziteria zainduz horniturik, ikuslea antzezlanaren traman murgiltzen dute, antzinako Grezia eta gaur egungo gizartearen arteko igurtzi katartikoa eraginez.

Jokin Zaitegik Sofokles-en Antigona grekotik euskarara itzuli zuen 1946an, Mexikon argitaratuz, ‘Antigone’ izenarekin. Zaitegiren itzulpenak, nahiz eta ez zuen euskal filologo garaikideen begirunea jaso, lehenengo itzulpena eta bakarra izaten jarraitzen du. Bere idealismo eta euskal zaletasunaren omenez aukeratu du konpainiak ‘Antigone’ antzezlanaren titulutzat eta jarraian ‘edo ezetzaren beharra’ gehituaz, argi uzten zaio ikusleari bertsio bat dela, ez dela zertan Sofoclesen testu originala errespetatu eszenaratze hontan.