NAIZ

Osakidetzak kutsatzeak non eta nola gertatzen diren ikertzeko talde bat eratzea eskatu du EH Bilduk

Kutsatzeak zein esparrutan eta nola ematen diren jakiteak «prebentzioa hobetzea eta neurri kirurgikoagoak aplikatzea» ahalbidetuko lukeela nabarmendu du EH Bilduk eta, beraz, Osakidetzak hori ikertzeko talde bat sor dezala proposatu du Legebiltzarrean.

Tabernak itxita, asteburu honetan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Tabernak itxita, asteburu honetan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Osakidetzak koronabirusaren kutsatzeak zein esparrutan eta nola gertatzen diren ikertzeko talde bat, aztarnariekin batera lan egingo lukeena, eratu dezala eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean Rebeka Uberak ostiralean aurkeztu zuen legez besteko proposamen baten bidez. Uberaretzat «ez da ulergarria» Osakidetzak kutsatzeen inguruko «kontrol hori ez egitea ahalik eta hobekien jakiteko non eta nola gertatzen diren».

Gaineratu duenez, ikerketa horiek egiteak eremu delikatuenak identifikatzen lagunduko luke eta, bide horretatik, «prebentzio neurriak hobetzea eta neurri kirurgikoagoak aplikatzea» ahalbidetuko luke. «Ezinbestekoa da kutsaduren iturburua ezagutzea», nabarmendu du.

Zentzu honetan, aipatzekoa da Nafarroaren kasuan behera gehien egin dutenak jatorri ezezaguneko positiboen kasuak direla eta, beraz, agerikoa da jatorria ezagutzeak horien aurkako neurri eraginkorragoak hartzea erraztuko lukeela.

Ikerketa lan hori egitea birusaren kontrako borrokan eraginkorragoak izateko eta, beraz, kutsatze kopuruak jaitsi ahal izateko «funtsezkoa» dela uste du Uberak. «Harrigarria da Jaurlaritzak informazio hori ez erabiltzea, Osasun Ministerioaren datuen arabera, beste erkidego batzuetan bai egiten dutenean», adierazi du.

Era berean, Urkullu Gobernuari «gardentasun osoa» eskatu dio eta, zehazki, koronabirusari dagozkion datuak egunero argitaratzeko eskatu dio (herriz herrikoak ez dituzte asteburueetan zabaltzen), «herritar guztion ohiturak eta jokabidea egokitzeko lagungarria» izango delakoan.

Neurri horiekin batera, sentsibilizazio kanpaina bat abiatzeko eskaria ere luzatu du Uberak, «indarrean diren neurriak eta maskara nola erabili modu pedagogikoan azaltzeko eta ospitaleetako egoera erreala, testigantzen bidez, erakusteko».