Bigarrenean ere ezin izan du Iker Irribarriak gorriz jantzita kantxan nahi beste gozatu. Bere Buruz Buruko bigarren txapela jantzi ostean, Lau eta Erdikoan lehen kanporaketan kanporatu zuen Victorrek 22-7 irabazita, Binakakoan enpresak titular izaera kendu zion lehen fasea amaitzeko jardunaldi baten faltan eta uda arraro hau bete duen Masterrean atzelari jokatzera behartu zuen, emaitza onegirik gabe.
Inoiz baino beranduago, baina heldu da Buruz Burukoa, aurreko arantza horiek kentzeko aramarrak izan dezakeen aukerarik onena, baina egungo txapeldunak ez du hau denboraldia salba diezaiokeen aukera bezala hartu nahi, jakin badakielako txapelketa hau bere ibilbidearen pausu garrantzitsu bat baino ez dela.
Irabaziz gero, lanean jarraitu beharko du bere lekua aldarrikatzeko eta nahi bezala irteten ez bazaio, beste zenbait alditan gertatu bezala, hausnartu eta burua altxatzea tokatuko da. «Egia da igual luparekin begiratuak izango garela, baina ni lasai nago. Horixe gustatuko litzaidakeela txapelketa on bat egitea, baina behar hori ez dut ikusi nahi eta ez dut ikusten», azaldu du Irungo material aukeraketan.
Ostiralean ekingo dio azken zazpi urteetan inork lortu ez duen txapelaren defentsari, iazko Promozio mailako txapeldun izan zen Darioren aurka eta momentuz, «sentsazioak onak izaten ari dira. Bizitzea tokatzen ari zaigun egoera ero honetan prestatzeko aukera izan dut».
Lehen eguneko zalantzak
Pilotari guztiek errespetu berezi bat izaten diote txapelketa batetako lehen partidari eta normalean zalantzak handiak izaten badira, zer esan aurtengoa bezalako egoera arraro batean jokatu behar izanda. «Dario errodatuta dator, eta ez bakarrik final zortzirenetatik, Peio Etxeberriaren aurka ere atariko bat jokatu behar izan zuen eta erakutsi zuen zein dohain dituen. Dena dela, bi urte dira dagoeneko final zortzirenetan sartzen naizela eta debutaren presio hori barneratzen goaz», azaldu du.
Beste guztiaren gainetik, sakea da errioxarrenagandik gehien kezkatzen duena. «Dario oso arriskutsua da sakearekin. Errestatzearekin ez da nahikoa, pilota ondo kokatu beharra dago sake-errematearekin aukerarik izan ez dezan. Arerio oso zaila izango da», gaineratu du.
Ezcaraykoarentzat, aldiz, kezkarako baino, disfrutatzeko partida da ostiral gauekoa. «Ni bezalako pilotari batentzat, zerrendaburu baten aurka eta txapeldunaren aurka aritzea sekulakoa da. Partida berezia izango da niretzat, arerioarengatik baino, Buruz Burukoan aurrera jauzi bat egingo dudalako».
Entrenamenduetan maiz aritu dira elkarren aurka eta bien artean sekretu gutxi omen dago. Hori bai, Dario bere aukerak aprobetxatzen saiatuko da. «Ezinezkoa balitz etxean geratuko nintzateke, ez ditut 200 killometro egingo irabazten uzteko. Saiatu beharra daukat gauzak zail ipintzen, nahiz eta jakin aukera oso gutxi ditudala».
Inoiz jokatu gabekoa Bilbon
Larunbatean Bilbon buruz buru sekula jokatu gabea den partida eskainiko dute Mikel Urrutikoetxeak eta Erik Jakak. Partida horretarako ere pilotak aukeratu dituzte bi pilotariek eta biak gustura agertu dira saskian topatutakoarekin. Dena dela, Erik Jakak bere arerioak material biziagoa aukeratuko zuelakoan zegoen eta ez da hala izan.
Bi aurrelariek loreak bota dizkiote elkarri. «Mikel bezalako aurkari baten aurka ez dago partida errazik inolako modalitateetan eta nik uste dut buruz burukoa bereziki gustukoa duela eta oso gogorra izango dala. Lehen aldia da elkarren aurka arituko garena bakarka, ilusio handiarekin hartuko dut partida, uste dut ez dudala galtzeko ezer eta presio guztia beretzat da», azaldu du Lizartzakoak.