Mikel Barriosek hizordua du gaur arratsaldean Parisko Dei Auzitegian. Joan zen ekainaren 23an bost urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Korrekzionalak.
Bere defentsak kondena horren kontra ezarritako helegitea dela-eta gaur aztertua izanen da berriz ere auzia Parisen.
Bkegileen ordezkaritza zabalak babestu zuen Barrios, irailaren 29an, espetxera sartu zenean.
Izan ere, bere defentsak eginiko bigarren galderari bide emanez irailaren 23an eginiko auziaren ondotik Dei Auzitegiak kondena berrikustea onartu zuen.
Era berean militante nafarra epaiketa egin bitartean aske uzteko eskaera luzatu zuen bere abokatuak. Urriaren 7an aske gelditu zen Barrios astean behin Donibane Garaziko jendarmerian izenpetzeko betebeharrarekin.
Gaur arratsaldeko 13.00etan Parisen deitua den auziari begira agiria plazaratu dute bakegileek. Euskal Herriak bizi duen testuinguru politikoari so eginez Mikel Barrios aske uztea eskatu dute idatzi horren bitartez.
Alemanian atzeman zuten 2017an
Mikel Barrios Berlinen atxilotu zuten 2017ko urriaren 27an. Handik bi hilabetetara Frantziaratu zuten Alemaniak bere aurka aurkezturiko euroagindua onartu ondoren.
Urte bereko abenduaren 15ean «elkarte gaizkile terrorista»ren partaidea izatearen akusaziopean behin-behinean kartzelan sartu zuten.
2018ko azaroaren 2an Parisko Instrukzio Ganberak Mikel Barrios espetxetik ateratzeko eskaera baieztatu zuen.
Hala, iruindarra zaintza elektronikoarekin bada ere aske gelditu zen. Horren ondotik, 2019ko apirilaren 19an kontrol judizialpean jarri zuten.
Epaileak ezarritako baldintzak bete zituen eta aske izan zen bere aurkako epaiketa egin bitartean. Auzitegi Korrekzioanalak bost urteko kartzela zigorra ezarri ondotik, gaur auzia berriz ere aztertuko dute Parisko Dei Auzitegian.