NAIZ
LEKEITIO

Lekeitioko Euskal Zine Bilera «online» izango da aurten

Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zinema jaialdirik beteranoenak, Lekeitioko Euskal Zine Bilera alegia, «online» egingo du bere 43. edizioa. Datozen azaroaren 21etik 29ra bitartean, pantaila guztietara salto egiteko prest dago.

Benito Ansola, Zine Bilerako sortzailea. Jaialdiaren sari batek bere izena dauka. (Monica del VALLE / FOKU)
Benito Ansola, Zine Bilerako sortzailea. Jaialdiaren sari batek bere izena dauka. (Monica del VALLE / FOKU)

Aste gutxi batzuk baino ez dira geratzen Euskal Zine Bileraren edizio berritzaileena hasteko. 43. edizio honetan, «online» izaera hartuko du jaialdiak, pantaila guztietara helduz eta publiko zabalago batera hurbiltzeko. Beraz, inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko jaialdiaz gozatzea.

43. edizioko eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dira oso modu errazean, gainera. Ordenagailua, tableta edo mugikor bat besterik ez da behar izango.... eta, noski, estaldura ona.

Egun bizi dugun ezohiko egoera honek gure bizitzako arlo guztietan eragiten du. «Errealitate berri hau erronkatzat hartuta, bide berriak irekitzeko aukera mahai gaineratu da, jaialdiaren espazioak jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko den jaialdia proposatuz –dio jaialdiak–. Eboluzio hau 2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko ekimena, oinarriak ahaztu gabe eboluzio logiko bat biltzen duena».

Hiru atal, ehunka istorio

Norabide berri honetan, jaialdia hiru ataletan bananduko da: Euskarazko zinema ‘Sortuz’, Euskararen zinema ‘Partekatuz’ eta Euskal zinemagintzarekin ‘Saretuz’.

‘Sortu’ atalean zinemaren esperimentazio eta alfabetatzearekin lotutako ekimena aurkeztuko dute. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia antolatu da. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko.

Bestetik, Benito Ansola saria izango dute. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko du, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen ‘working progress’ batekin. ‘Zoom’ atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkarlanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.

‘Partekatu’ atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten lehiaketa egingo da. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira.

Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango da. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.

‘Saretu’atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da.

Era berean, ‘Pantaila Zuria’ espazioa estreinatuko dute, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen ‘Atzo8’ izango dute, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Bide berriak zabaldu

Edizio berritzaile honetan, xede nagusia Euskal Zine Bileraren zabalkundea izango da. Jaialdia ‘online’ formatura mugitzean aukera berriak sortu dira eta horien bidez euskal zinemagintza osatzen duten zale eta profesionaletara heltzeko bideak areagotu.

Publiko zabal batera heltzeko xedean laguntzeko, EITBren elkarlan berezia izango dute aurten. Era berean, bizi ditugun garai zail hauetan elkarlanetik indartzeko apustua egin nahi du Euskal Zine Bilerak. Zinegin eta Zinegoak jaialdiak, Hemen elkartea, Zine-Lab zinema laborategia, Euskadiko Filmategia eta beste hainbat eragileren elkarlanari esker euskal kultura indartzea ahalbidetuko da. Eragile guztien arteko kolaborazioarekin elkar zaindu eta elikatzeko aukera sortzen da, jaialdiaren eta beste eragileen arteko zubiak sendotuz.

Euskal Zine Bilera azaroaren 21etik 29ra bitartean ospatuko da, baina egun batzuk aurretik aurkezpen ofiziala izango dute. Azaroaren 17an, 11.00tan Ana Goitia eta Aitor Abaroak jaialdiaren aurkezpen ekitaldia hasiko dute eta ondoren Euskal Zine Bilerako antolatzaileek kazetari eta zinema zaleen galderak erantzungo dituzte.

Ekintza hau ‘online’ izango da, zinebilera.eus orrialdearen bitartez zabalduko da.