NAIZ

Durangoko Azokaren Ikasle Goizak ikastetxeentzako eskaintza anitza izango du, modu birtualean

Urtero bezala, Ikasle Goizak emango dio hasiera Durangoko Azokaren egitarauari, eta abenduaren 4ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza anitza izango dute sarean, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Aurten ikasleek online jarraituko dute Durangoko Azoka. (NAIZ)
Aurten ikasleek online jarraituko dute Durangoko Azoka. (NAIZ)

Durangoko Azokako antolakuntzak diziplina ezberdinez osatutako egitaraua antolatu du ikasleentzat, abenduaren 4ko Ikasle Goizerako. Aurten, baina, Azokako webgunearen bidez hartuko dute parte, euren ikastetxeetatik bertatik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, tailerretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, eta nahikoa izango da egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartzea. Maila ezberdinetako ikasleentzat egongo da eskaintza, 5 eta 16 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere.

Txikienek, esaterako, ‘Yogipuinak’ izeneko saioa izango dute eskura, Maite Arrese, Sara Arizmendi eta Oihan Arizmendiren eskutik. Bertan, yoga zer den ikasi, gorputza landu eta «burua eta bihotza lasaituko» dute. Ikus-entzunezko saio honetan hainbat ariketa egingo dira: arnasketak, pentsaera baikorra, erlaxazioa eta amaierako ipuina. Saioa Maite Arresek gidatuko du eta egokia izango da 5 eta 8 urte artean dituzten umeentzat. Gela huts bat izatea nahikoa izango da saioa jarraitzeko.

Halaber, 8 eta 12 urte artean dituzten umeek ‘Marrazkiekin jolasean’ lantegiarekin gozatu ahal izango dute, Ainara Azpiazuren eskutik. Ariketa ezberdinak landuko dituzte: geometria landuz animaliak marraztea, hitzak nahastuz istorio bat osatzea, mantxekin irudiak asmatzea… Saioa jarraitzeko beharrezkoak izango dira paperak, arkatzak, borragomak, koloreetako margoak eta jolasteko gogoa izatea.

Gainera, aurreko urteetan bezala, baina oraingoan modu birtualean, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE) ‘Liburu bat egingo dut’ jarduera antolatu du, 12 eta 13 urte dituztenentzat. Ana Urrestarazu (EEE) eta Karmen Elvira (Pamiela) izango dira gidariak, eta modu dibertigarrian ikasleek ezagutuko dute zein den liburu bat sortzeko prozesua.

Bikoizketa tailerra ere izango da 13 eta 14 urteko ikasleentzat. Mixer taldeko Yeray Varelak azalduko du zeintzuk diren kontuan hartu beharrekoak bikoizketa lanak egiterako orduan, eta hainbat adibide praktiko egingo ditu, telebistan agertzen diren saioekin.

Blender aplikazioa

DBHko ikasleek oso lantegi berezia izango dute eskura. Janire Iparragirre garatzaile gazteak Blender aplikazioaren sekretuak kontatuko ditu: bideo sorkuntza, 3D diseinuak eta arkitektura. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Blender aplikazioa deskargatuta izatea.

Tailerrez gain, Ikasle Goizak ere beste ekimen berezi bat izango du. Oihan Vega eta Oizeder Mayo kazetariek sortzaile ezberdinekin elkarrizketa saioa gidatuko dute. Tartea Azokako webgunean jarraitu ahalko da zuzenean, eta bertan parte hartuko dute Liher musika talde donostiarrak, Kai Nakai abeslariak (iaz Azokako sormen beka irabazi zuen sortzailea), Erika Elizari idazle hernariarrak eta Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak. Ikasle Goizean parte hartzen duten guztiek euren sorkuntzak sarera igotzeko aukera izango dute, #IkasleGoizaDA traola erabilita, eta Durangoko Azokak euren sormen lanak zabalduko ditu.