Maite Ubiria

Erietxeetan egoera orandik kezkagarria bada ere intzidentzia tasa apaldu da Ipar Euskal Herrian

Akitania Berriko osasun agentziak zabaldu dituen azken datuen arabera covid-19aren kutsatze kopurua apaldu egin da. Azaroaren 7 eta 13 arteko neurketak 279,9an ezarri du intzidenzia tasa Pirinio Atlantikoen departamenduan. Hala eta guztiz ere ospitalizazio kopurua oso altua da oraindik (411).

Baionako AFPA formazio zentroan eginiko lan orientazio saioa sektore soziosaniarioan eskas diren 200 bat lanpostu betetzeko xede. (Guillaume FAUVEAU)
Baionako AFPA formazio zentroan eginiko lan orientazio saioa sektore soziosaniarioan eskas diren 200 bat lanpostu betetzeko xede. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Ministroen Kontseiluak osasun egoeraren bilakaera aztergai izanen du gaur.

Atzo, Jean Castex lehen ministroak egoerak hobera egin duela aitortu zuen. Hala eta guztiz ere arrisku egoera ez dela gainditu gehitu zuen eta bide batez urriaren 30ean indarrean sartu zen konfinamenduarekin batera harturiko neurri murriztaileak abenduaren 1a arte atxikitzearen alde defendatu zuen.

Data horretatik landa premiazkoak ez diren saltokiek berriz ere irekitzeko baimena eskuratu dezakete. Hala ere, osasun protokolo zorrotza bete beharko lukete.

Jatetxeak eta ostatuak urtarrila arte itxita?

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko merkatariek mobilizazioak egin dituzte azken egunotan, bai Baionan bai Donibane Garazin, dendak irekitzea galdegiteko.

Heldu den larunbatean protesta berria iragarri dute Biarritzen.

Hala ere dagoeneko dendariek oharra egin dute: kosta ala kosta abenduaren 1ean dendak irekiko dituzte. Gutun publiko baten bidez jakitera eman dute erabakia.

Dendarien egoera zaila bada ostalaritzako eragileena oraindik ere latzagoa da.

Ostatuek eta jatetxeek ez dute irekitze datarik gaur gaurkoz.

Eguberrietarako zabalik egotea espero bazuten ere aukera hori ilunduz joan da azken egunotan.

Adituen aholkua segituz gero ezin da baztertu Gobernuak tabernak eta jatetxeak urtarrila erditsu arte itxita jarraitzeko erabakia hartzea.

Datu batzuk txukunagoak, beste batzuk ez

Protestak kalean berpiztu diren bitartean, Ipar Euskal Herria eta Biarno biltzen dituen departamenduan covid-19ari dagozkion xifrak zuzentzen joan dira.

Akitania Berriko eskualdeko osasun agentziak azaroaren 16an zabalduriko datuen arabera covid-19aren kutsatze kopurua apaldu egin da.

Azaroaren 7 eta 13 artean eginiko neurketak 279,9an utzi du intzidenzia tasa Pirinio Atlantikoen departamenduan. Aurreko astean 317koa zen.

Hala eta guztiz ere ospitalizazio kopurua oso altua da oraindik. Azaroaren 16an 411 herritar ospitalean ziren covid-19aren eraginez Pirinio Atlantikoen departamenduan. Oroitarazi behar da lehenengo olatuan ehunera ez zirela iritsi.

Kutsatze kopurua gutxitzen joaten den heinean espero daiteke heldu den asteotan ospitaletan dagoen tentsioa ere emeki emeki apaltzea.

Hala eta guztiz ere bertze datu batek kezka sortzen du, bigarren olaua hilgarriagoa izaten ari baita Ipar Euskal Herrian.

Bigarren olatua hilgarriagoa da

Eskualdeko osasun agentziak azaroaren 16an plazaraturiko bilanaren arabera zazpi herritar hil dira aurreko 24 orduetan.

Martxoaz geroztik 116 herritar hil dira covid-19aren ondorioz departamenduan. Horietarik hiru laurdenak irailetik hona hil dira, bigarren olatua Ipar Euskal Herrian izaten ari den ondorio mingarriak agerian utziz.

Konfinamenduaren hirugarren astean covid-19aren bilakaerak hobera egin du oro har frantses Estatuan. Beste hainbeste gertatu da etxeratze-neurri zorrotzak hartu dituzten Europako beste hainbat estatutan ere.

Hala eta guztiz ere osasun agintariek zuhurtziaz jokatzeko gomendioa zabaldu dute. Horrekin batera koronabirusen hedapena oztopatzeko ezinbestekotzat jo dute ohiko prebentzio neurriak aplikatzen jarraitzea.

Emmanuel Macron presidenteak heldu den astean agerraldia egitea espero da.

Besteak beste, Gabonei begira zer nolako protokoloa izanen den indarrean aurreratu beharko luke.

Horretan ere egoera soziosanitarioa aintzat hartzeaz gain interes ekonomikoari erantzuten saiatuko da Eliseoko maizterra.

Gabonetako izeiak bai, apaigarririk ez

Konfinamendua iragarri zuenean Macronek adierazi zuenez, «frantsesek urte bukaerako bestak familian ospatu ahal izango dituzte».

Pandemiaren bilakaeraren arabera neurri zorrotzago edo lausoagoak hartuko direla gehitu dute geroztik Gobernuko bozeramaile ezberdinek.

Edozein kasuan horretan ere kontraesanak ez dira faltako. Azaroaren azkeneko asteburuan gabonetako izeiak salgai jarriko dituztela iragarri dute konfinamendua izan arren zabalik dauden landare saltoki handien ordezkariek.

Alta, premiazkoak ez diren denden irekiera ez bada egun batzuk aurreratzen bederen zuhaitz apaingarriak ezin izango dira denbora berean erosi, Amazonen pozerako.