NAIZ

147.000 lagunek eman dute izena ostiralean hasiko den Euskaraldian

Azaroaren 20an hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta dagoeneko 147.000 lagunek eman dute izena parte hartzeko. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.

Euskaraldiaren antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek argazki bateratua atera dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Euskaraldiaren antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek argazki bateratua atera dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Donostiako Gipuzkoa plazan batu dira Euskaraldiko antolatzaileak ostegun honetan, Euskaraldiaren hasieraren bezperan, parte-hartzearen inguruko datuak emateko. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da bigarren edizioan ere.

Duela bi urteko ariketan egin zen bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.

Antolatzaileek aurtengo Euskaraldia Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu dela gogoratu dute, eta herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarratu dute: «Berauetan ari diren askotariko eragileak eta herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria. Boluntario sare handia dabil herriz herriko antolaketa lanetan».

Parte-hartzea

Dagoeneko 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emate epea azaroaren 24ra arte luzatzea erabaki dute. euskaraldia.eus webgunearen bidez egin ahal da inskripzioa.

Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Gainera Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Inskribatu direnen artean %27k ez zuen aurreko edizioan parte hartu.

Horrekin batera, aurtengo edizioan era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak. Entitate hauen ahalegina ere azpimarratu da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako.

Hasiera ekitaldia gaur Antsoainen

Ostegun honetan Antsoainen 19.00etatik aurrera egingo den ekitaldi batek emango dio hasiera ofiziala Euskaraldiaren aurtengo edizioari. Covid-19ak baldintzatutako ekitaldia izango da arratsaldekoa. Nafarroako herri batzordeetako kideek aforo mugatua izango duen aretoan bigarren Euskaraldiari hasiera emango diote Juan Kruz Lakasta eta Lohizune Amatriak gidatutako ekitaldian.